Vital Fundazioak eta Abesbatzen Arabako Federazioak 'Elkarrekin abesten' zikloaren bigarren edizioa antolatu dute, lurraldeko abesbatzak bultzatzeko eta babesteko asmoz. Ekimena ostiral honetan hasiko da, urtarrilaren 10ean, eta lau emanaldi eskainiko ditu otsailaren 14ra arte.
"Askotan, gure lurraldeko abesbatzek zailtasunak izaten dituzte entsegu lokalak eta kantatzeko espazioak aurkitzeko", ekimenaren arduradunek aurkezpenean adierazi dutenez.
Bada, 'Elkarrekin abesten' ekitaldiak beharrezko topagune hori eskaintzen du, "abesbatzek beren talentua erakutsi, esperientziak partekatu eta gure lurraldeko abesbatzen arloa aberasteko aukera izan dezaten". Proiektuak, gainera, lankidetza, ezagutzen trukea eta parte hartzen duten taldeen arteko batasuna sustatzen ditu.
Bigarren edizioko egitaraua ostiral honetan hasi eta otsailaren 14ra arte luzatuko da. Emanaldiak 19:30ean izango dira Vital Fundazioa Kulturunean, eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Ostiral honetan Enol eta Kataliturri abesbatzak ariko dira; urtarrilaren 17an, Florida eta Haritz Hostoa abesbatzak; otsailaren 7an, Dultzinea eta Izartza abesbatzak, eta otsailaren 14an, Urkanta abesbatzak eta Tantak abestaldeak.
Bestalde, Arabako kurralde historikoan eta Trebiñuko enklabean udalek eta kuadrillek 2025erako sustatutako kultur ekimenak gauzatzen laguntzeko Arabako Foru Aldundiaren diru laguntzen deialdia argitaratu da ostiral honetan Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean, eta denera, 85.000 euro banatuko dira, iaz baino 5.000 euro gehiago.
Foru erakundeko iturriek jakinarazi dutenez, eskaerak urtarrilaren 13tik 31ra bitartean aurkeztu behar dira, eta bi laguntza modalitate daude: 5.500 euroko edo hortik beherako aurrekontua duten kultur proiektuentzako laguntzak (25.000 euro), eta 5.500 eta 20.000 euro arteko aurrekontua dutenentzako laguntzak (60.000 euro). Diruz lagun daitekeen aurrekontuaren %60 emango da gehienez ere.
Arabako lurralde historikoko eta Trebiñuko konderriko udalak eta kuadrillak dira erakunde onuradunak, Gasteizko Udala eta bere kuadrilla izan ezik. Edozein esparrutan kultura sustatzeko programa irekiek jaso ahal izango dute diru laguntza.