'Kilo bat gehiago, kilo bat gutxiago' elkartasun kanpaina Gasteizko gizarte etxeen sare osora zabaldu da aurten
Gasteizko Udalak aurten ere antolatu du Kilo bat gehiago, kilo bat gutxiago elkartasun kanpaina, eta, iazko Eguberrietan Judimendi gizarte etxean egindako lehen edizioaren arrakastaren ondoren, hiriko gizarte etxe eta kiroldegi guztietara zabaltzea erabaki du.
Kanpaina Kirolen eta Gizarte Etxeen udal zerbitzuek antolatu dute, eta abenduaren 26tik 28ra eta urtarrilaren 2tik 4ra egingo da. Ekimenaren bidez, herritarrek kirol jarduera bat egiteko aukera izango dute elikagai bankura bideratuko den elikagai ez-galkorren kilo bat ematearen truke. Hain zuzen, gizarte etxeen eta kirol instalazioen sarreretan saski batzuk prestatuko dira elikagaien bankura bideratuko diren elikagai ez-galkorrak utzi ahal izateko.
Guztira, 89 ikastaro eskainiko dira, adin guztietarako 32 jarduera mota bilduz, besteak beste, padel, pilates, aerobik, mantentze gimnasia, puzgarriak igerilekuan, gazteentzako eskalada, haur jolas eta ludoteka.
Ana Lopez de Uralde Kirol zinegotziak herritarrei dei egin die eta parte hartzera animatu ditu "Ekimenak Eguberri garaian kirola egin eta gehien behar dutenei elkartasuna erakusteko aukera ematen du. Kiroltasuna, elkartasuna eta talde lana elkartzen ditu, eta Kirol Zerbitzuak partekatu eta sustatu egiten ditu balio horiek", esan du.
Era berean, Miren Fernandez de Landa Gizarte Etxeen eta Gobernu Irekiaren zinegotziak oso positiboki baloratu du auzo bateko gizarte saretik sortutako ekimena gizarte etxeen sare osora eta, ondorioz, hiri osora zabaldu izana.
"Ariketa fisikoa egin eta sasoian mantentzea eta, aldi berean, baliabide gutxien dutenekin konpromisoa eta elkartasuna erakustea dira zabaldu nahi ditugun balioetako batzuk. Gizarte etxeen inguruan lan egiten dutenak animatu nahi ditut komunitatearen aldeko ekimenak antolatzen jarraitzera, egiten dituztenen eta jasotzen dituztenen mesederako delako", adierazi du.
Bada, kanpainan parte hartzeko interesa dutenek asteazkenetik eman dezakete izena, abenduaren 11tik, 08:30ean hasita, udal webgunean edo aurrez aurre udal gizarte etxeetan eta kirol instalazioetan.
Aurreko Eguberrietan 144 lagunek hartu zuten parte Judimendi gizarte etxean egindako kanpainan, eta 167 kilogramo janari jaso ahal izan ziren, ondoren elikagaien bankuari emateko.
Temas
Más en Gasteiz
-
Detenido en Vitoria por amenazar a otro con dos cuchillos en una discusión de tráfico
-
Gasteizko Udalak 350.000 euro banatuko ditu eraikuntzan, birgaitzean eta IKTetan langabeak kontratatzen laguntzeko
-
Vitoria aplicará un Plan de Choque de Vivienda para construir 3.000 pisos protegidos en tres años
-
La alcaldesa de Vitoria plantea bonificaciones de hasta el 95% en la cuota del ICIO para proyectos empresariales que generen empleo