Tuvisa Gasteizko garraio operadore publikoak erosi berri dituen autobus elektrikoetako bat probak egiten hasi da bidaiariekin asteazken honetan, goizean goizetik hasita.

Hain zuzen, Irizar konpainiaren 18 metroko autobus artikulatua Donostia kaleko 4. lineako geltokitik abiatu da 07:10ean, dozena bat bidaiari zeramatzala. "Berri usaina du", esan dute autobusa estreinatu duten erabiltzaile askok.

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, astean autobus berri bat iristen ari da Tuvisaren elektromugikortasuneko zentrora. Autobusen ekipamendu eta prestazio guztiak probatzen dituzte bertan, administrazioko izapidetzeak osatu ondoren, zirkulazioan jarri ahal izateko.

Orain arte, Irizarrek 12 metroko lau autobus eta 18 metroko bi autobus artikulatu entregatu dizkio Gasteizko Udalari, eta datozen egunotan 18 metroko beste lau iritsiko dira. Autobus horiek PSE-EEk, EAJ-PNVk eta PPk lortutako akordioari esker erosi ahal izan dira.

Bestalde, César Fernández de Landak, Mantentze-lanetako zinegotziak, eta Ana Rosa López de Uraldek, Kirol zinegotziak, bisitatu dute orain gutxi berritu duten Mendizorrotzako eraikin soziala.

Lan horiei esker, irisgarritasuneko, energia-eraginkortasuneko, suteen aurka babesteko, komunetako eta aldageletako gabeziak konpondu dituzte. Horretarako, aldaketak egin dira: kanpoko arrapala handitzea, igogailua jartzea edo komunak eta aldagelak birbanatzea eta eraberritzea, besteak beste. Era berean, landare-fatxada berria jarri da, estetikari dagokionez Europa Jauregikoaren antzekoa.