Gasteizko Udalak programa berritzaile bat jarriko du martxan hiriko merkataritzaren sektorean belaunaldien arteko erreleboa errazteko. Ekimenaren lehentasunezko helburua hiriko enpresa komertzialen transmisioa modu planifikatu eta eraginkorrean erraztea da, eta Udal Gobernuaren eta EH Bilduren aurrekontu akordioari esker bideratu da, 200.000 euroko zuzkidurarekin.
Horrela azaldu dute asteazken honetan Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotzi Maria Nanclaresek eta EH Bilduren udal taldeko bozeramaile Rocio Viterok.
Belaunaldien arteko Erreleboko Plana zenbait fasetan gauzatuko da. Merkataritzak hirian egun duen egoera aztertuko da lehenik, eta ondoren diagnostiko bat egingo da; beste esperientzia batzuk aztertuko dira ondoren, eta bukatzeko, ekintza plana ezarriko da, merkatarientzako zuzeneko laguntzak jasoz.
Planaren ardura duen lantaldeak erakundeen laguntza behar duten merkataritzaren faseak aztertuko ditu, erreleborik izango ez duten enpresak identifikatuko ditu, eta saltoki horien ardura beren gain hartzeko ahalmena duten pertsonen bilaketa aktiboa egingo du.
Nanclarasek adierazi duenez, programa berri honen bidez, "funtzionamendu betean dauden negozioen jarraipena sustatuko dugu enpresen artean, enpresak desagertzea eta, horren ondorioz, lanpostuak galtzea saihesteko". "Era berean, gure hiriko merkataritzaren sektorean ezarri nahi duten pertsonen ekintzailetza erraztuko dugu", nabarmendu du.
Bestalde, Viterok ziurtatu du Gasteizko merkataritza "esku onetan" dagoela gaur egun, "sektoreko langileek profil esperientziaduna dutelako, haien batez besteko antzinatasuna 23 urtekoa baita".
"Baina epe laburrera begirako etorkizunak kezka sortzen digu, merkatarien %30ek baino gehiagok 54 urte baino gehiago dituelako, eta %18k bakarrik dituelako 34 urte baino gutxiago. Datuek erakusten dute belaunaldien arteko erreleboa erraztuko duten politikak sustatu beharra dagoela", azaldu du.