Arabako Bertsozale Elkarteak eta Alea aldizkariak elkarlanean antolatutako 14 urte arteko gaztetxo arabarrei zuzendutako bertso-kopla bideo lehiaketaren bosgarren edizioa martxan da, eta parte hartzeko epea azaroaren 15era arte dago zabalik.
Gasteizko Udalak antolatzen duen Euskararen Astearen egitarauan txertatuta dago lehiaketa, eta Araban euskararen erabilera sustatzeko helburua du. Bertsolaritza eta teknologia berriak uztartuta, taldeka, Arabako bertsolari gazteek beraien adimena eta sormena erakusteko aukera izango dute, bideo lehiaketa formatuan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte hartzea oso erraza da, eta talde bakoitzak hiru eta sei kopla artean osatu beharko ditu proposatutako gaia landuta: 'Zer dago ikusteko zure inguruan?'. Bertsoak osatutakoan, bideoan grabatu eta 'Alea'-ra bidali beharko dituzte parte hartzaileen datuekin batera.
Jasotzen diren lanen artean, publikoak bideo-kopla onenaren saria aukeratuko du, eta, horrekin batera, 'Alea'-ko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute; baliteke ere epaimahaiak aipamen bereziak ematea talde gehiagori.
Sarien artean daude taldean gozatzeko ihes-gela bat Lautadan, Laboral Kutxaren eskutik; BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia; Hontza Extrem abentura parkean taldean gozatzeko esperientzia, eta Elkar aregitaletxearen material sortak.
Sari banaketa abenduaren 1ean egingo da, 12:00etan, oraindik zehazteke dagoen Gasteizko areto batean. Ekitaldian, irabazleen bertsoak ikusi eta sariak banatzeaz gain, saio musikatuaz gozatu ahalko da lurraldeko bertsolari onenen eskutik. Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak edo sarrerak aldez aurretik erreserbatu ahal izango dira.