Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailako 1.300 ikaslek parte hartuko dute urrian zehar STEM orientabide profesionalerako jardunaldietan, eta aukera izango dute Euskadiko industria, zientzia eta teknologia sektoreetako profesionalekin hitz egiteko eta zientziaren eta teknologiaren esparru horietan zer lan aukera dauden jakiteko, STEAM Sare programaren bidez.

Euskal gazteen artean matematika, zientzia eta teknologiarekiko interesa areagotzeko eta arlo horietako irakaskuntza hobetzeko elkarrekin lan egiten duten ikastetxe eta eragile sozioekonomikoek osatzen dute STEAM Sare, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak jakinarazi duenez.

Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren testuinguruan egingo dira orientabide profesionaleko jardunaldiak. Hezkuntza Saila eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila dira topaketen bultzatzaileak, eta Innobasque, Deustoko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Hetel, Ikaslan, AICE-IZEA eta Elhuyar laguntzaileak.

Ekimenaren helburuak dira DBHko 4. mailako ikasleei ikasketak eta lanbidea hautatzen laguntzea, STEM lanbideen aniztasuna erakustea profesionalekin eginiko hartu-eman zuzen horien bidez, eta STEM esparruetako bokazioak eta aurreikuspen profesionalak sustatzea, batez ere nesken artean.

Programan bederatzi jardunaldi egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurraldeetan, eta 32 ikastetxe eta STEM hezkuntzako 225 profesional ariko dira. Topaketak hitzordu azkarren bidez gauzatuko dira, ikasleek aukera izan dezaten lanbide desberdinetako bost profesionalekin hitz egiteko. Partaide diren hezkuntza eragileen egoitzetan izango dira hitzorduak, hala unibertsitateetan nola lanbide heziketako zentroetan.

Topaketak urriaren 16tik 30era egingo dira. Bizkaian, urriaren 16an AS Fabrik Bilbao zentroan izango da jardunaldia, Mondragon Unibertsitatearen egoitzan; 21ean, EHUren Leioako campusean eta Deustoko Unibertsitatearen Bilbo campusean; 23an, Barakaldoko Nicolas Larburu LHZI zentroan; 25ean, Santurtziko Calasanz zentroan, eta 30ean, Somorrostro Lanbide Heziketako Zentroan.

Araban, EHUko campusean izango dira jardunaldiak, Gasteizen, urriaren 16an, eta Gipuzkoan, azkenik, hilaren 23an Deustuko Unibertsitatean (Donostia) egingo dira, eta 30ean Mondragon Unibertsitateko Galarretako campusean (Hernani).