Gasteizko Udal Liburutegiemn Sareak irakurzaletasuna bultzatzeko jardueren programa berria antolatu du publiko guztiei zuzenduta, eta 23 gizarte etxeetako biblioteketan 70 ekimen baino gehiago eskainiko dira urritik abendura bitartean, besteak beste liburu klubak, hitzaldiak, tailerrak, bakarrizketak, antzerkia edo ipuin kontaketak.
Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez, "Udal Liburutegien Sareak antolatzen duen jarduera programak arrakasta handia izan du. Urtero eskaintza berritzaile eta askotarikoa ateratzen da, herritarrak irakurketara hurbiltzea helburu duena, eta esan dezakegu helburu hori lortu dela urtetik urtera parte hartzaileen kopurua handitzen delako".
Zehaztu duenez, 2023an, denboraldi guztiak batuta 138 jarduera antolatu ziren, eta 3.160 pertsona bertaratu ziren guztira; 2022an, aldiz, 3.033 izan ziren. "Azken finean, ekimen arrakastatsua da, bai kalitatearengatik, bai gasteiztarrengan sortzen duen erantzunagatik", gaineratu du.
Bada, denboraldi berriko eskaintzan, 'Irakurketa familian' eta 'Idazteaz beste' jarduerak nabarmentzen dira. Lehenengoa Xabier Olasok dinamizatuko du, eta 8-9 urteko haurrei zuzendutako euskarazko irakurketa klub arrakastatsua da. Bertan, liburu, ipuin, abesti, poesia eta familiako jokoen bidez irakurzaletasuna sustatzen da. Hirugarren urte honetan Zabalganara itzuliko da.
'Idazteaz beste' jarduerak, berriz, euskal literaturarentzat espazio propioa izateko helburua du, euskarazko elkarrizketa informalen formatuan, literaturatik harago joateko eta publiko berrietara iristeko.
Iazko arrakastaren ondoren, euskal kulturaren inguruko izen handiekin itzuli da denboraldi honetara, eta urriaren 16an Ruper Ordorikaren txanda izango da, Lakuan, 19:00etan. Bere musika ibilbidea abiapuntu hartuta, bere letrei buruz hitz egingo du eta literaturarekin izan dituen harreman ugariak aztertuko ditu kantautore oñatiarrak.
Halaber, 'Idazteaz beste' ekimenaren baitan, azaroaren 6an, Garazi Arrula Ruizen ('Gu orduko hauek' eta 'Lurraz beste' ipuin liburuen egilea eta Txalapartako editorea) eta Iñigo Astizen ('Monogamoak' ipuin liburuaren egilea eta Berria-n kazetaria) arteko solasaldia izango da aldaben, 19:00etan. Saioaren helburua da euskal ipuingintzan murgiltzea eta gonbidatuen sorkuntza prozesuez, idazketaz eta, bereziki, ipuinez hitz egitea.
Era berean, Udal Liburutegien Sareak antolatu dituen beste jardueren artean daude, haurrei zuzendutakoen kasuan, ipuin kontalariak, kontzertuak, tailerrak eta antzerkia, besteak beste; gazte eta helduentzat, aldiz, gizarte intereseko gaiei buruzko hitzaldiak, tailerrak, mikroantzerkia, bakarrizketak, poesia errezitaldiak, kontzertuak eta liburuen aurkezpenak izango dira.