Gasteizko erdigunea blusen eta nesken topagune bihurtuko da aurten ere Andre Maria Zuriaren jaien aurretik, uztailaren 25ean Upel Lasterketaren zazpigarren edizioa jokatuko baita. Lasterketak jai giroan murgilduko du hiria Zeledon iristeko egun gutxi falta direla, eta aurten berritasunekin dator, blusen eta nesken kuadrillak lau laguneko taldeetan lehiatuko baitira, baina kategoria misto bakarrean.
Zazpigarren Upel Lasterketa Blusen eta Nesken Elkarteak antolatu du, Wine City elkartearen laguntzarekin. Ekimenak Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren bultzada du, eta Mitarte upategiaren babesa. Jardunaldia 10:00etan hasiko da; akreditazioak banatuko dira aurrena, eta minutu batzuk geroago, lasterketako taldeen desfilea egingo da. Jarraian, Ruth Brito eta Eneko Llanos triatletek emango dute irteera Plaza Berrian, 11:00etan. Sari banaketa 11:45ean izango da.
Ekitaldi enblematikoa eta turismorako erakargarria bihurtu da
Aurkezpenean nabarmendu dutenez, Upel Lasterketak indarra hartu du eta jende asko erakarri eta ikusmin handia sortzen du. Ekitaldi enblematikoa eta turismorako erakargarria bihurtu da, eta aurreko urteetako ibilbide bera izango du. Taldeak Plaza Berritik abiatuko dira eta, Andre Mari Zuriaren plaza zeharkatu, Mateo Morazatik gora igo eta Lehendakari Agirretik igaro ondoren, Plaza Berrira itzuliko dira.
Bi blusak/neskak bultzatuko dute upel bakoitza eta ibilbidea burutzen dutenean taldeko beste bi kideri utziko diete lekua (hiru txanda osatu arte). Guztira, talde bakoitzak lau bira eman beharko dizkio ibilbideari, txandaka.
Gainera, ibilbide osoan komisarioak egongo dira -Gaztedi Rugby Taldeko boluntarioak-, upela ibilbide osoan biraka doala eta taldeko kide bat gutxienez beti upelari bultzaka doala kontrolatzeaz arduratzeko. Arabako Atletismo Federazioak boluntarioak eskaini ditu, talde bakoitzaren denborak neurtzeko eta irabazleak zehazteko.
Helmugara iristen den lehen taldeak sari berezia eskuratuko du: Mitarte upategiaren 225 litroko upela. Arabako Errioxako ardoak, Arabako txakolina, esperientziak Arabako Errioxan eta beste sari batzuk ere banatuko dira Santiago Egunean, aurten laugarren saria ere emango da eta.