Gasteizko Salburua auzoan dagoen Argibide gaixotasun mentala duten pertsonei arreta emateko eguneko zentroak bost plaza berri gehitu ditu azken asteetan, eta, horrela, aldi berean 35 pertsona artatu ditzake egunean zehar. Egoitza Arabako Foru Aldundiaren baliabide bat da eta Gaixotasun Mentala duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkarteak (Asafes) kudeatzen du duela 13 urte abian jarri zenetik.

Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak zentroa bisitatu du ostiral honetan eta erabiltzaileek egiten dituzten jardueren berri izan du. Elena Ortiz de Zarate Asafes elkarteko zuzendaritza batzordeko lehendakariak eta Vanessa Vadillo kudeatzaileak ere hartu dute parte topaketan.

"Plaza kopurua handituz, familia gehiagori eman diezaiekegu atseden eta pertsona gehiagori eman diezaiekegu arreta beren etxeetan, familia eta komunitate ingurunean bizitzen jarrai dezaten, egoitza batean edo intentsitate handiagoko baliabide batean sartu beharrik gabe", adierazi du Urtaranek.

Asafes elkarteko eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko profesionalek egiten duten "lan itzela" aitortu du, eta egin dioten harrera eskertu die erabiltzaileei, laguntza zerbitzu horien alde egin dute eta, "nahi duten bizitza eramaten jarraitu ahal izateko".

Gaixotasun mentala duten pertsonentzako Arabako Foru Aldundiaren gizarte baliabideen xedea da aurrera egitea pertsona horien eta haien familien bizi kalitatea hobetzen, betiere hori ulertuta haien garapen pertsonala, autodeterminazioa, pertsonen arteko harremanak, gizarte inklusioa, eskubideak eta ongizate emozionala, fisikoa eta materiala bateratzen dituen ongizate pertsonaleko egoera gisa.

Arlo horretan, Arabako Foru Aldundiak hamar milioi euro baino gehiago bideratuko ditu aurten gaixotasun mentala duten pertsonei zuzendutako baliabide eta zerbitzuetara Gizarte Ongizateko Foru Erakundearen bidez. Foru titulartasuneko gizarte baliabideak hirugarren sektoreko entitateek eta Araban gaixotasun mentala duten pertsonei arreta emateko beste erakunde esanguratsu batzuek kudeatzen dituzte.