AEK-k Gasteizko Lakua auzoan Zadorra euskaltegia ireki zuenetik 15 urte beteko dira ekainean, eta urteurrena ospatzeko egun osoko egitaraua antolatu dute datorren larunbatean, ekainaren 1ean. Egun euskaltegian dauden zein bertatik igarotako ikasle, irakasle, lagun eta auzokideekin ospatzea da asmoa.

Modu honetan, euskaltegiko ordezkariek astelehen honetan jakitera eman dutenez, 15. urtemuga ospatzeko larunbateko egitaraua 12:00etan hasiko da, euskaltegi pareko parkean egingo den mintzodromoarekin.

Ondoren, 13:00etan, bertso-trikitixa poteoa abiatuko da Zadorra euskaltegitik bertatik, eta 15:00etan herri bazkaria egingo dute Ibaiondo eskolan. Bazkaldu ostean, 16:30ean, bingoa izango da Ibaiondo eskolan.

Bukatzeko, Zadorra AEK euskaltegiaren urteurrena ospatzeko bildutakoek Bele Zuria taldearen kontzertuaz gozatu ahalko dute 18:00etan Ibaiondo eskolan. Horrez gain, udako ikastaroen informazioa eta datorren ikasturterako aurrematrikulazioari buruzko informazioa emango da egunean zehar.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kanpaina bat aurkeztu du astelehen honetan zigarro elektronikoak erabiltzeak osasunari dakarzkion arrisku larriez ohartarazteko, eta jakinarazi du azken sei urteetan laukoiztu egin dela zigarro elektronikoen, berotze bidezko tabakoaren eta bestelako gailuen erabilera. Horrela, 15-21 urteko lau lagunetik bat hasi da horiek erabiltzen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).

Gotzone Sagardui jarduneko Osasun sailburuak eta Itziar Larizgoitia jarduneko Osasun Publiko eta Adikzio zuzendariak aurkeztu dute ostiraleko Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna dela-eta martxan jarritako kanpaina, Bilbon egindako prentsa agerraldian.

Ohartarazi dutenez, substantzia toxikoak izan arren, kaltegabetasunaren pertzepzio faltsua eragiten duten zigarro elektroniko, berotze bidezko tabako eta bestelako gailuen kontsumoa gero eta handiagoa da.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) ildoari jarraituz, Osasun Sailak herritarrak babestera bideratuko ditu aurten kanpainaren ekintzak, bereziki gazteenak, tabakoaren eta horrekin lotutako produktuen industriaren esku hartzearen aurrean.

Horrela, agerraldian jakinarazi dutenez, sei urtean laukoiztu egin EAEn da zigarro elektronikoen, berotze bidezko tabakoaren eta bestelako gailuen erabilera, eta, hala, 15-21 urteko lau nerabe eta gaztetik bat hasi da horiek erabiltzen.