Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak bi hitzarmen onartu ditu, Kultura Zerbitzuak 77.000 eurorekin babes ditzan World Press Photo eta Poetak Maiatzean kultur jarduera ezagunak. Zehazkiago, Kultura Zerbitzuak 52.000 euro emango dizkio lehenengoari, eta 25.000 euro bigarrenari.

"Urtero Gasteizko agenda betetzen duten eta herritarrek oso harrera positiboa egiten dieten hitzordu kulturalen bi adibide dira. Biek ibilbide luzea eta ospe handia dute eta hiriko kultur bizitza dinamizatzen laguntzen dute. Horregatik, Kultura Zerbitzuaren ustez, beharrezkoa da gure laguntza ematea", adierazi du Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Lehen hitzarmena

Bada, lehen hitzarmenaren bidez, 52.000 euro bideratuko dira mundu osoko fotokazetaritzako sariketa garrantzitsuena den World Press Photo antolatzen laguntzera. Erakunde independente baten eskutik sortu zen kalitatezko fotokazetaritzaren bidez mundua ulertzen laguntzeko asmoz. Gainera, fotokazetaritzarekin lotutako hezkuntza jarduerak eta ekintza profesionalak egiten dira eta, bukaeran, urteroko erakusketa antolatzen da.

Erakusketa ibiltariak

Erakusketa ibiltariak 45 herrialdetako 70 hiri zeharkatzen ditu eta partaidetza aldetik zifra bikainak lortzen ditu: 2023an 60.448 argazki aurkeztu zituzten 127 herrialdetatik iritsitako 3.752 erreportari grafikok, eta haietako 160 aukeratu zituzten erakusketarako. Urte horretan bertan, 13.248 gasteiztar gerturatu ziren erakusketara. Hiriak 2003tik jasotzen du erakusketa eta biztanleentzat eta bisitarientzat udazken garairako ohiko hitzordu kultural bihurtu da.

25.000 euroko diru laguntza emango zaio Hunkitu Arte Kultur Elkarteak maiatzaren 3tik 26ra arte antolatu duen Poetak Maiatzean Nazioarteko Poesia Jaialdiari

Bigarren hitzarmena

Bigarren hitzarmenaren bidez, aldiz, 25.000 euroko diru laguntza emango zaio Hunkitu Arte Kultur Elkarteak maiatzaren 3tik 26ra arte antolatu duen Poetak Maiatzean Nazioarteko Poesia Jaialdiari. Ekimena 2012an sortu zen Gasteizen poesia hedatzeko asmoz eta programazio zabala eskaintzen du hiriko hainbat txokotan, hala nola poesia errezitaldi, musika, poesia lehiaketa, hainbat kolektiborentzako jarduera eta poesia tailerrekin.