Reutilizaguneren udal-zerbitzuak hilaren 20rako, larunbaterako, garbiguneetan jasotako telebistak behar baino lehenago hondakin gisa kudeatzea saihestea helburu duen jardunaldia antolatu du. “Itzalaldi digitalaren ondoren, kanpoko LTD sintonizadore bat erosita arazorik gabe funtzionatzen duten telebista ugari jaso ditugu. Larunbatean, horiek guztiak herritarren esku jarriko dituzte Reutilizaguneren instalazioetan, Benito Ginea kalean”, azaldu du Pascual Borjak, Ingurumen Kudeaketaren zinegotziak.
Larunbatean, Reutilizagune zabalik egongo da 10:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara. Benito Ginea kaleko lokalera joandako herritarrek Herritarren Udal Txartela (HUT) izan beharko dute eta, Reutilizaguneko beste produktu batzuekin gertatzen den moduan, beharrezkoa izango da Udala partaide den lankidetzarako proiektuetarako dohaintza egitea. Dohaintzen zenbatekoa 5 eta 15 euro artekoa izango da, telebistaren ezaugarrien arabera.
Otsailaren 14tik, telebista-kate guztiek bereizmen handian (HD) igortzen dute eta, Udalaren Konpondu proiektuak egiaztatu duenez, telebista-hargailuen kopuru handiak sartu dira. “Otsailetik HD kanalak sintonizatzen ez dituela eta, pertsona askok beren telebista botatzea erabaki du”, zehaztu du Borjak.
Ekipo horien kasuan (pantaila laukoak izan edo hodi-telebistak izan axola izan gabe), nahikoa da LTD sintonizadore bat jartzea kanal guztiak bereizmen handian ikusi ahal izateko, eta sintonizadore baten gutxi gorabeherako prezioa telebista berri baten kostuaren % 10ekoa da. Gainera, telebistaren bizitza tekniko baliagarria, askotan, amaitzetik oso urrun dago oraindik.
“Oraindik funtzionatzen duen telebista bat botatzeak planetan beharrezkoa ez den ingurumen-inpaktua eragiten duen hondakin elektronikoa sortzen du. Hori dela eta, Udalak telebistetan espezializatutako zerbitzu teknikoekin kontsulta egitea gomendatzen du”, adierazi du Pascual Borjak bukaeran.