Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak 'M-8ari Ekin!' kanpaina antolatu du martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, eta jarduerak martxoaren 1etik 26ra bitarte egingo dira Emakumeen Etxean.

Emakumeen Etxean bertan aurkeztu dute kanpaina astelehen honetan. "'M-8ari Ekin' lelopean, emakumeok martxoaren 8 hau modu kolektiboan aktibatu behar dugula azpimarratu nahi dugu. Hala, feminismoa hedatu nahi dugu hirian, jarduera esparru guztietan eta oro har gizartean eragina izanda", adierazi du Berdintasun zinegotzi Ana Lopez de Uraldek.

Kanpainaren kartelean, Gasteizko mapa "aktibatzen" ari diren emakume talde bat ikus daiteke. Bertan, 'EKIN!' hitza azaltzen da, izen bereko Gasteizko Genero Berdintasunerako V. Planari aipu eginez. Plan hori da berdintasun arloko udal politika publikoak diseinatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko onartutako tresna.

"Laneko prozeduretan genero ikuspegia txertatzera, hirian ahalduntze feminista bultzatzera, ekofeminismoan eta bizitza arloko jasangarritasunean aurrera egitera eta indarkeria matxistarik gabeko hiria lortzera bideratutako jarduerak jasotzen ditugu bertan", zehaztu du Lopez de Uraldek.

Kanpainaren programazioa aste honetan hasiko da, Emakumeen Etxean, Etxanobe jauregian. Ostiralean eta larunbatean, martxoaren 1ean eta 2an, autodefentsa feministako ikastaroa eskainiko du Maitena Monroy Romero fisioterapeuta eta emakumeen aurkako indarkerian espezialistak.

Halaber, Andrea Momoitio kazetaria eta 'Pikara Magazine' aldizkariaren koordinatzailea 'Patronato de protección a la mujer. Una institución de represión franquista sepultada por la historia' gaiaz mintzatuko da martxoaren 12an, Mertxe Lozaro Sorginenea elkarteko presidenteak zuzenduko duen solasaldi batean; 'streaming' bidez jarraitzeko aukera egongo da, 18:30etik aurrera.

Gainera, martxoaren 14an eta 21an 'Lo que no se documenta no existe: visibilizar mujeres de Vitoria-Gasteiz' ikastaroa izango da. Mentxu Ramilo Araujo politologo, feminista, WikiEmakumeok proiektuaren dinamizatzaile eta Wikimedia España elkartearen presidenteordeak eskainiko du.