Gasteizko Udalaren 21 Zabalgunea hirigintza-sozietateak eta IDARTE arte eta goi mailako diseinu eskolak —zeinak Betoñuko Krea eraikinean baitu egoitza— akordio bat egin dute eskolako ikasleek gaur egun udal eraikinetan egiten ari diren obrak bisitatu ditzaten.
Ekimena Barne Diseinuko 3. eta 4. mailan ikasten ari diren ikasleei zuzenduta dago, eta gerora beren praktika profesionalean aurkituko dituzten parametroetako batzuk bertatik bertara ezagutu ahal izan ditzaten balioko du.
21 Zabalgunean proiektu honetaz arduratzen diren teknikariek adierazi dutenez, “ahalegin bat egin behar da prestakuntza integralagoa eskaintzeko, eguneroko praktika profesionaletik hurbilagoa, baita entitateen eta administrazio publikoaren artean gertuko loturak ezartzeko ere, administrazio publikoa gardena eta irisgarria baita, eta pertsonengatik eta haien ekimenengatik kezkatzen baita“.
Zehazki, astero, goizeko ordutegian, gehienez 10 pertsonak osatutako taldeek 21 Zabalgunea Zaramagako etxebizitzetan koordinatzen ari den obrak bisitatuko dituzte, besteak beste, obren kudeaketa eta kontrolarekin, materialen kalitate-kontrolarekin eta eraikuntzen eta berrikuntzen segurtasunarekin eta kontrolarekin lotutako alderdiekin ohitzeko, teoriatik harago.
Gaur egun etxebizitza horietan egiten ari diren obrak Zaramagako hiri-berroneratze integralari lotutako inklusiorako enplegu- eta prestakuntza-proiektuaren barruan sartzen dira.
Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak bultzatutako proiektu horri esker, Ignacio Ellacuría enplegu eta prestakuntzarako udal zentroaren bitartez, orain arte langabezian zeuden pertsonak igeltserotza- eta pintura-lanak egiten ari dira etxebizitza horietan, hiriaren deskarbonizazioa sustatzen eta eraikitako udal parkearen birgaitze energetikoa hobetzen laguntzeko.