Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak, Maria Nanclaresek, Araba Ekinean sarearen aurrean Gasteizko 2023-2030erako Ekintzailetzako Plan Integrala aurkeztu du gaur goizean Europa Kongresu Jauregian egindako ekitaldian. Dokumentu berriak Gasteizko Udalak hurrengo zazpi urteotan garatu behar dituen proiektu estrategikoak finkatzen ditu.
“Ekintzaileak ezinbestekoak dira gure lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialerako eta badakigu batzuetan nahasmenduari eta prestakuntza-laguntza beharrari aurre egin behar izaten diotela”, azaldu du Nanclaresek. “Ekintzailetza Babesteko Plan Integralaren bidez, hirian ekintzailetza bultzatzen dugu, enpresa-proiektuak martxan jartzeko ekintzak eta programak modu integral eta pertsonalizatuan garatuz”, gehitu du zinegotziak.
Hiria ingurune ekintzaile gisa aktibatzearen alde egiten du, eta ekintzailetza espezializatua bultzatzeko ekintzak garatzen ditu, bai industriaren sektorean, bai potentzial handia duten eta hazten ari diren sektoreetan. Iragarri duenez, “hori lortzeko, enpresa-proiektuak babestuko ditugu, haien arrakasta-aukerak maximizatzeko, eta espiritu ekintzailea sustatuko dugu tokiko enpresa-egitura indartzeko, enplegua sortzea sustatuz eta aukera ekonomiko berriak sortuz”.
Dokumentu hori zeharkako ikuspegi parte-hartzaile eta eragile anitzetatik diseinatu da, eta abian dauden jarduerak biltzen ditu, koiuntura ekonomikoak planteatzen dituen erronkei erantzutea helburu duten ekimen berriekin osatuz.
“Bizi dugun iraultza hirukoitzak aurrean jarri dizkigun erronkak landuko ditugu: trantsizio teknologiko digitala, energia-ingurumen mailako trantsizioa eta demografia sozialarekin lotutakoa”, nabarmendu du zinegotziak. “Hori guztia egiteko, jarduera ekonomiko berria, jasangarria eta 2030eko Agendarekin lerrokatuta dagoena sortuko dugu”, gehitu du.
Udalak emakumeen ekintzailetzaren aldeko apustua egiten du, baita enpresa zentro irekia eta nazioarteko enpresen zentroen sarea sustatzearen aldekoa ere. Proiektu horietako bat da, hain zuzen ere, Michelin Sarea.