Ikastetxeen ingurune seguruak sortzeko programaren barruan, Gasteizko Udalak beste urrats bat emango du bihar, Corazonistas ikastetxean trafikoa berrantolatzeko obren kontratazioa onartzean.

Ikastetxeetako ingurune seguruak sortzeko programaren barruan, Gasteizko Udalak beste urrats bat egingo du bihar, Corazonistas ikastetxean trafikoa berrantolatzeko obren kontratazioa onartzean. Esku-hartzeak 122.000 euroko aurrekontua izango du eta hiru hilabetetan gauzatuko da. Ikastetxean bizikletentzako azpiegitura sortzea, oinezkoentzako bideak erraztea eta sarbideetako segurtasuna hobetzea izango dira helburuak. Horretarako, jarduketa hauek planteatu dira:

ibilgailuen zirkulaziorako errei bakarra uztea

galtzadan bi noranzkotako bidegorria egitea

ikastetxearen eremuaren alboan 1,30 metroko oinezkoentzako espaloia egitea

ikastetxerako bi sarbideetan oinezkoentzako gaineko pasabideak jartzea

bizikletak aparkatzeko espazioak sortzea

gehienez ere 15 minutuz aparkatzeko aparkaleku-plazak jartzea

autobusentzako aparkalekuak erreserbatzea

Nieves Cano kaleko trafikoa arintzea, unibertsitatearen noranzkoan bi errei izatetik bakarrera igarota.

Beatriz Artolazabal alkateordeak eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak azaldu duenez, “Corazonisten proiektu honen helburua da, dagoeneko egin ditugunekin eta egingo ditugunekin batera, bide-segurtasuna hobetzea, ikastetxeetarako joan-etorriak oinez edo bizikletaz egin ahal izateko. Gaurko kasu honetan, Korazonisten kalean bigarren ilaran aparkatutako autoek sortzen dituzten arriskuak saihestea”.

Ikastetxe horren inguruan auto-ilarak sortzen dira sartzeko eta ateratzeko orduan. Egokitutako zabalera duten bi espaloi, motordun ibilgailuek zirkulatu ahal izateko bi bide eta galtzadaren bi alboetan lerroan aparkatzeko tokia ditu gaur egun kaleak. Nieves Cano kaleak, gainera, Korazonistekin elkartzen den bidegurutzeraino eta Frai Francisco pasealekuraino, noranzko bakoitzeko errei bat du eta Batan ibilbideraino arteko tartean, aparkaleku-lerro bat.

Zinegotziak gogorarazi du aurki Armentia Ikastolan, Luis Elejalde ikastetxean edo Virgen Niña ikastetxean egingo dituzten jarduketekin jarraituko duela programak. “Estrategia bizia, irekia eta etengabe hobetzen ari dena da. Ikastetxeetako zuzendaritzek eta guraso-elkarteek partekatzen duten estrategia da, ikastetxeen inguruetako arriskuak murrizteko”.