Gero eta herritar gehiagok ezagutzen eta ulertzen dute euskara; gero eta arabar gehiagok uler dezakete euskaraz egiten den elkarrizketa bat. Hizkuntzaren ezagutza nabarmen hazi da azken urteotan Arabako herri eta auzo guztietan baina proportzio berean igo ez dena euskararen erabilera da, ez Gasteizen, ez Araban.

Hala, hiru pertsonatik bat euskalduna da Gasteizen eta Araban. Gainera, herritarren laurdenak aitortzen du euskaraz ondo edo nahikoa ondo hitz egiteko gai dela, eta %60k behintzat eskaz bada ere euskaraz ulertzeko gai da. Datuen arabera, Arabako biztanleek euskararen ezagutza handitu egin dute azken urteotan. Inkesten arabera, garrantzitsua da ezagutza horren ñabardurei erreparatzea, hau da, euskaldunaren profilari, euskaraz dakien pertsonari, aniztasun handia baitago, eta oso garrantzitsua da, halaber, hizkuntzaren erabileran erreparatzea, zein hizkuntzatan sentitzen diren herritarren erosoago hitz egiten. Hain zuzen ere, azterlanaren arabera, Gasteizko herritarren %30 euskalduna da, eta elebidun pasiboek, berriz, %20. Hala ere, elebidun gehienak, hamarretik zortzi, hobeto moldatzen dira gaztelaniaz, Aztikerrek egindako azken azterlanaren arabera, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eskatutako azterlan bat da.

Aldi berean, biztanleriaren zati batek euskara erabiltzen du, nahiz eta bere ingurua hain euskalduna ez izan, eta azpimarratu behar da jende askok euskaraz egiten duela, nahiz eta gaztelaniaz erraztasun handiagoa izan; azpimarratzekoa da euskaraz komunikatzeko apustu eta ahalegin hori, nahiz eta horretarako erosotasunetik atera behar izan.

Grafikoen arabera, 65 urte edo gehiagoko pertsonak dira erdaldunen talde handiena, euskara gutxien dakitenak. Biztanleria zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta euskaldun gehiagoegon. Horregatik, oso interesgarria izango da datozen urteetan zer dinamika sortzen diren ikustea Pertsonaren hizkuntza, ingurunea eta ohiturak non ikasi diren eragiten du.

“Araba da euskararen aldeko urrats gehien egiten ari den Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldea. Gaur egun, Arabako biztanleen % 48,2k ulertzen du euskara. Datu honek argi erakusten du funtsezkoa dela Araban euskararen ezagutza eta erabilera sustatzen jarraituko duen plan bat, orain arte 2019-2022 urte bitarterako Euskara Sustatzeko Planak egin bezala”, dio Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatuak. Horregatik, legegintzaldi berrian ere euskarazko bizitza erraztu dezaketen hiztunak aktibatzeko eta hiztun-sareak sortzeko markatutako helburua hurbileneko gizarte-errealitatearekin proportzionala eta koherentea izan behar duela erakutsiko duen plan estrategiko bat egituratzea oinarrizkoa izango da.

“Arabako Euskara Zerbitzuekin eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan diseinatutako plan bat, zeinek euskalgintzako eragileak eta euskal hiztun eta entzuleak eta oraindik ere hurbildu ez baina gogo biziz hurbilduko liratezkeen horiek ere aintzat hartuko dituen plan bat. Plan estrategiko berria, baina betiko helburua duena: euskaraz bizitzeko aukerak bermatzera bideratutako lan- ildoa, oinarri eta estrategia berriak kontuan hartzen dituena eta eraginkorra eta neurgarria ere izango dena: hiztunen ahalduntzea eta eragile desberdinen (publiko zein pribatuen) aktibazioa bultzatuko duen estrategia nagusia. Eta estrategia horren arrazoia? Euskararen ezagutza eta erabileraren arteko distantziaren arrazoia ezagutu eta distantzia hori mamurtzen joatearena. Arabako Foru Aldundiak badaki euskararen erabilera ez dela euskararen ezagutzarekiko proportzionala, eta oso jakitun da gaur egungo errealitateaz, baina baita irekitzen diren aukerez ere. Horrexegatik, bi ildo nagusi oso presente izango ditu hurrengo lau urteetan ere. Batetik arlo sozioekonomikoari dagokionez, ezaguna da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan ere LANABES egitasmo arabarra, aitzindaria izandakoa ekoizpen sektoreetan ere euskara erabil eta bultza zedin”, erantsi du Jone Berriozabalek.

Ildo beretan, bere hitzetan, horretan baditu Aldundiak galburu berriak, tai gabe hazten doazenak: nekazaritzaren munduan eragiten jarraituko dugu, Lukuak bezalako egitasmoarekin. SEAri, Lan Heziketan euskara sustatzearen alde diharduen Hizkelan/Lanekiri eta Vital Fundazioari esker, euskara lan-munduan txertatzeko lanean jarraituko dugu, ahaztu gabe hirugarren sektorea Lurralde osoko establezimenduetan eta ostalaritza-zerbitzuetan egiten ari den lan nekeza”, gaineratu du.

Bestetik gazteak/aisialdia/euskara trinomioaren esparruan, badira Arabako Kuadrillei erreparatuta datu deigarri batzuk. Aiaraldean %91,6 euskaraz ulertzeko gai da; Gorbeialdean %88,8, Añanan %87,5, Gasteizen %79,6, Arabako Lautadan %85,4, Trebiñu %65, Arabako Mendialdean %84,9 eta Arabako Errioxa %73,4. “Hortaz, agerian da gazteek euskara ulertzen dutela. Hala ere, badirudi erabilera ez dela aukera pertsonala, beharrezkoa dela euskararen erabilera esparru guztietan erraztuko duten sareak sortzea”. “Euskara ez da eskola-erabilerako tresna bat soilik; euskara harago doa, baina horretarako sareak eta espazioak sortu behar dira”, baloratu du. “Eta helburu horrekin bat datozen beste ekimen pila bat daude lurraldean, beste erakunde batzuek antolatuak, baina erakundeek lagunduta. Hori da, adibidez, HIGAren kasua. Hizkuntza Gutxituen Hiztun Gazteen topaketa da, hizkuntza gutxituen errealitatea ikusaraztea eta gazteen lankidetzaren bidez horiek suspertzea helburu duena”.

Zein da, beraz, euskararen erabilera sustatzeko behar direneko gakoan?

“Gure hizkuntza sustatzeko eta biziberritzeko, ezinbestekoa da euskararen eragileekin elkarlanean lan egiten jarraitzea, eremu publikoan eta pribatuan, bakoitzeko eragileekin: elkarlanean. Espektro publikoari dagokionez, beste foru-aldundiekin edo Eusko Jaurlaritzarekin berarekin lankidetza estua izatea alde batera utzi gabe, gure udalak eta kuadrillak funtsezkoak izaten jarraituko dute euskara sustatzeko. Eremu pribatuan, gero eta eragile gehiagok egiten dute bat pixkanaka Aldundiak euskara sustatzeko ezarri duen zeharkako helburu estrategikoarekin. Gure konpromisoari eutsiko diogu Euskaltzaindiarekin- Euskara Biziberritzea Araban proiektua beraien eskutik jorratzea da asmoa-, Euskaltzaleen Topagunearekin -datorren urtean Euskaraldiaren laugarren edizioa izango dugu-, Bai Euskarari elkartearekin -euskararen aldeko apustua egiten duten Arabako enpresei ikusgarritasuna emateko-, HIGArekin -Araba munduko hizkuntza gutxituen topagune izaten jarraitzeko-, Arabako Ikastolen jaiaren antolaketarekin, Arabako Bertsolari Elkartearekin -, Korrikarekin, edizio berria ekarriko diguna 2024an, edo Euskal Herria zeharkatu eta euskaraz ere gozatu, ondo pasa, ikasi eta jende berria ezagutu daitekeela urteroko udan erakusten duen Euskarabentura egitasmoaren antolatzaileekin”.

Euskararen ibilbidea

Hizkuntzalariek euskara uharte-hizkuntza dela esan ohi dute, haren jatorria ezezaguna delako eta beste hizkuntzekin ahaidetasun segururik ez duelako. Ikerlariek bi hipotesirekin egin dute lan jatorriaren berri izateko: iberiar-iparrafrikarra eta kaukasiarra; baina nahiz eta kointzidentzia harrigarriak aurkitu dituzten, ez dute auzia erabat argitzen. Euskal hiztunen lurraldea aldatuz joan da historian zehar. Erdi Aroan bizi izan zuen hedapenean, euskarakgaur egungoa baino askoz ere eremu zabalagoa hartzen zuen, oso toki urrunetan bizirik dirauen toponimiak erakusten digunez, esate baterako Pirinioetako mendikatekoak eta Errioxakoak. Dena den, geroko joera kontrakoa izan da, latinetik datozen hizkuntzek gizarte, erakunde eta kultura aldetik izandako bultzadaren ondorioz. Euskarak lehiakideak izan ditu beti inguruan, denboran zehar aldatuz joan badira ere. Baina, era berean, hemengo gizartea beti egon da bere hizkuntza kementsu defendatzeko prest. Jarraipen hori da zientzialariek miresten dutena eta historialariek erabat azaldu ezin izan dutena.

Ildo beretik, Arabako Foru Aldundiatik gogorarazten dutenez, Arabako lurren barietate geografikoa funtsezko elementua da beste garai batzuetan bertan bizi izan zirenen historia eta kultura ulertzeko. Bizkaiko itsasoaren isurialdeko haran malkartsuek bizimodu berezia izan zuten mendeetan zehar; lurraldearen erdialdeko eta hegoaldeko eskualde esragarrienek, berriz (Araba-k “laua” esan nahi du), errazago jasotzen zituzten kanpoko eraginak, baita hizkuntzaren aldetikoak ere. Antzinatean, Araba igarobide izan zen herri askorentzat. Guztietatik erromatarrak izan ziren gehien eragin zutenak; izan ere, tresna boteretsuez baliatu ziren: galtzadak, hiriak, armada, ekonomia, zuzenbidea, kultura eta hizkuntza (latina). Erromatarren aurreko hizkuntza gehienak desagertu egin ziren, latinizazioaren indarraren eraginez; baina euskara ez. Are gehiago, inperioa gainbehera hasi zenean, euskarak hedapen-prozesu oparoa bizi izan zuen.

Irakaskuntza funtsezko izan da hizkuntza berreskuratzeko. Azkenik, Pedro Yrizarrek 1972an 2.000 euskal hiztun baino ez zituen aurkitu arabar lurraldean. Ordutik, “euskara erabiltzen dutenen kopurua biderkatu egin da, estatistikek behin eta berriro erakusten dutenez”, ondorioztatu dute.