Uztailaren 1ean eta 2an Gasteizko Emakumeen Etxean Literaturzale femiinisten topaketak antolatu ditu Sareinak taldeak Gasteizko Emakumeen Etxearen laguntzarekin. Bi egun iraungo du.

Datorren hilabeterako literatura feministako topaketa antolatu duzue, bi egunez, goizeko hamarretatik arratsaldeko zortziak arte. Zer programazio sortu duzue?

Oso programazio zabala da. Denetarik egin nahi izan dugu. Hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak, kultur jardunak, omenaldiak… Hitzaldi batekin irekiko dugu: hitzaldi horretan egun euskal literatura ikuspegi feminista batetik kokatuko da, non dagoen aztertuko da. Zer egin den, zer egiten ari garen, norantz joan behar dugun. Irekiera Iratxe Retolazak emango dio. Baditugu hiru mahai- inguru bakoitza koordinatzaile batekin koordinatua: Argitaletxe eta liburu-dendena; Idazleen genealogiena (hiru idazle bakoitza belaunaldi batekoa elkarrekin hizketan) eta Irakurle talde feministena. Horrez gain, bost mintegi egongo dira, horietarik bi aukeratu beharko dira, egun batean bat eta bestean beste bat. Uztailaren batean Kritika; Irakaskuntza, eta Hedabideak; eta uztailaren 2an Ilustraziotik eta Antzerkitik. Horrez gain, Kulturak bizi duen prekaritatea eta sortzaileen autoexplotazioa salatu nahi izan dugu eta Sortzaileen Txokoa sortu da. Josune Mendizabal eta Ane Gebararen Txilin hotsak antzezlana ikusgai izango da. Bukatzeko, Sortzaileen txokoan sorkuntzan euskal literaturan emakumeei ikusgaitasuna eman dioten emakume idazleak omenduko ditugu. Itxaro Borda, Maria Asun Landa eta Arantxa Urretabizkaia egongo dira gurekin merezitako aitorpena jasotzeko.

Zein da topaketa honen helburua?

Topaketa hauen helburua ikuspegi feministatik euskal literaturan egiten dugunaren inguruan hausnartzea da eta gerora egin beharrekoaz estrategiak markatzea. Euskal literaturari ikuspegi desberdinetatik begiratu nahi diogu eta etorkizunerako bideorri feminista bat sortu denon artean. Bi urtez, gai honen inguruan bilerak egiten eta hitz egiten aritu gara idazleekin, editoreekin, irakasleekin, itzultzaileekin, kazetariekin, irakurleekin egoeraren diagnosia egiteko. Modu presentzialean Iruñean Katakraken hasi ginen COVIDaren aurretik, eta, gerora hiru bilera online egin ditugu egoera aztertzeko eta topaketa hauek diseinatzeko xedeaz. Hausnarketa horietatik sortu da programazioa. Bilera hauetan bataz beste 30 lagunek parte hartu dute. Horietarik gehienak topaketa hauetan hizlariak eta dinamizatzaileak izango dira eta musu truke etorriko dira.

Nola prestatu duzue programazioa, zer alderdi hartu dira kontuan?

Literatur sistema osoa hartu da kontuan. Idazleak. Kritikariak, argitaletxeak, irakasleak, liburu saltzaileak, irakurleak elkarrekin berbetan ipini nahi ditugu. Ikuspegi ezberdinetan jarri nahi dira gogoeta egiteko eta erabakiak hartzeko. Mahai-inguruak, batez ere, euskal literaturaren sisteman diharduten feministekin eginak dira. Horrekin batera tailerretan dinamizatzaileak egongo dira eta horietara etortzen den orok bere ekarpena egiteko aukera izango du. Horrek ez du esan nahi hitzaldi nahiz mahai-inguruetan ez denik aukerarik egongo parte hartzeko, baina denbora muga bat izango da. Eta antzerki lana nahiz omenaldia disfrutatzeko eta konpartitzeko izango dira. Beraz, batetik gogoeta leku diferenteetatik egiteko aukera izango dugu, eta bestetik, elkar ezagutzeko eta elkarrekin egoteko.

Programazio zabal horretatik, zer nabarmenduko zenuke gehien?

Euskal literaturan feminismoak indar handia hartu duela maila guztietan eta hiru idazle belaunaldi diferentekoak elkarrekin hizketan jarri ahal izatea da horren erakusle: Laura Mintegik, Karmele Jaiok eta Itziar Ugartek gorpuztuko dutenak. Hiru belaunaldiek presentzia handia dute euskal literaturan. Horrez gain, oso inportantea da argitaletxeetan emakumeak hasi izana editore arduretan lanean. Hau oso berria da, baina oso esanguratsua. Irakurle klub feministen indarra ere hor dago. Eta literaturari leku askotatik egiten zaizkion ekarpenak izan kritikan edo irakaskuntzan, esaterako. Baina horiek indarguneak baldin badira ere, baditugu ahulguneak eta hori prekaritatea edo autoexplotazioa eta sakabanaketa eta isolamendua dira. Horren inguruan hausnartuko du antzerkiak eta etenik gabe azalduko den gaia izango da. Topaketa osoa zeharkatuko duen gaia.

Herritar guztiei edo, bereziki, emakume feministei zuzenduta dago?

Literatura maite duten emakume feministei nagusiki. Egia da Udalak babesten gaituela kontu honetan eta Udalaren politika ekitaldi mistoak egitearena dela. Beraz, eremu batzuk mistoak eta beste batzuk emakumeenak soilik izango dira. Baina Topaketetara etorriko dena feminista eta literaturzalea izango da.

Sareinak taldetik, zenbatean behin antolatzen dituzue irakurketa feministako topaketak Gasteizen?

Ez gara irakurle talde feminista gasteiztar bat, EH mailako literatura eta feminismoa euskaraz lantzeko sortu zen talde bat baizik. Sareinak taldea duela 15 urte sortu zen feminismo literarioak sarean zabaltzeko eta orduz geroztik ahalegindu gara urtero ekitaldi bat antolatzen Euskal Herriko herri ezberdinetan. Hasera batean, emakume idazleak ikusgai bihurtzen aritu ginen edota periferian geratzen diren gaiak ikustarazten irakurle talde feminista baten bidez. Jarraian Marijane Minaberriren eta Mayi Peloten omenaldiak egin genituen eta orain topaketekin ausartu gara.Sareinak taldeak antolatu ditu topaketa hauek, baina Emakumeen etxeko Eleen ganbarak oso modu aktiboan lagundu gaitu topaketak antolatzen. Beraz, gure eskerrik handienak haientzat.

Zein da feminismoaren egoera. Hobetu al da egoera azken urteetan?

Inoiz baino presentzia handiago du mugimendu feministak, 2018 eta 2019an egindako greba feministen ondorioz aurretik zuen kutsu negatiboa galdu du belaunaldi gazteentzat. Marko legal- instituzionalean ere zenbait urrats eman dira aurrera. Baina ez dugu ahaztu behar lortutakoak erraz galdu daitezkeela, horren adibideak ikus daitezke munduan zehar. Feminismoa indartsu dago eta XXI. mendeko iraultza izan daiteke beste zapalkuntza batzuekin egiten dituen aliantzei esker (Transfeminismoa, feminismo dekoloniala eta antirrazista; feminismo ekologista eta antikapitalista,…). Baina goraldi horrek kontrako erantzun bortitza ekarri du hegemonia patriarkal, misogeno androzentriko eta sexistaren aldetik eta horri gehitu behar diogu mugimendu feministaren baitan sortu diren tentsio eta urruntzeak ere.

Zein da feminismoaren egoera euskal literaturan? Zein izan da azken bi urteetan egin duzuen diagnosiaren emaitza?

Belaunaldi berriekin batera euskal literatura feministagoa da, baina oraindik bide luzea dago egiteko. 2007an jaio zen Sareinak eta ordutik hona gauzak asko aldatu dira, belaunaldi batean argitaletxeetan eta irakurle taldeetan gertatutako aldaketa nabaria izan da zentzu horretan bi adibide ematearren. Emakume idazleak ere feminismorako bidea urratzen hasi ziren. 80-90 hamarkadetan esku batekin kontatu ahal ziren ekarpen feministak, gaur egun ugaritu dira. Hala ere, oraindik hitz egin daiteke botere harremanez, bazterketaz eta aurreiritziez. Eta horretarako dira topaketak etorkizunari begira jartzeko klabe feministan.