Lanbide enpleguko euskal zerbitzu publikoak plantilla indartuko du langile tekniko espezializatuekin, eraldaketa digitala sustatzeko helburuarekin, Jaurlaritzak gobernu bileran astearte honetan adostutakoaren arabera.
Zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtu berri delako hartu da erabakia, izaera juridikoko aldaketa bat delako, eta aldaketa horrek ekonomiaren, langileen eta informazio sistemen kudeaketan egokitzapen sakona eskatzen duelako.
Bada, Jaurlaritzako gobernu kontseiluak hartutako erabakiaren arabera, hiru profesional hautatuko dira: Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketako teknikari bat, Pertsonaleko teknikari bat eta Informatikako beste teknikari bat.
Profil horiek zuzenbide pribatuko erakunde publiko izaeratik eratorritako behar berriei erantzuteko definitu dira, hala nola kontabilitate pribatuko sistemak ezartzea, nominen kudeaketa integrala eta tresna informatiko aurreratuen inplementazioa, enplegatuaren atariaren kudeaketa barne.
PROFILA
Lanbideren Gasteizko zerbitzu zentraletan arituko dira lanean hautatutako langileak, eta bitarteko funtzionario izendatuko dituzte aldi baterako programa hori gauzatzeko. Programak urtebeteko iraupena izango du. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean aldi baterako kontratazioari buruz indarrean dagoen araudiaren arabera egingo da hautaketa.
Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 9,1 milioi euro banatuko ditu foru aldundien eta udalen artean 2025eko lehen seihilekoari dagozkion garraio publikoaren deskontuak ordaintzeko, astearte honetan onetsi duen aginduaren arabera.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, diru laguntzak urtarrilaren 28ko 1/2025 Errege Lege Dekretuaren barruan daude. Dekretu horrek jarraipena eman zion herri erakundeek 2024an egiten zituzten deskontuen aplikazioari, tituluen ohiko prezioaren gainean gutxienez %50eko beherapena egiteko.
Horrela, %30 Estatuko Administrazioak finantzatzen du eta Jaurlaritzak %10eko ekarpena egiten du tokiko operadoreei txartelen prezioaren erdia deskontatzen laguntzeko.
Hala, guztira 9.135.268,14 euro banatuko dira: 2,1 milioi euro udalei emango zaizkie, 3,7 milioi euro foru aldundiei eta 3,2 milioi euro Bizkaiko Garraio Partzuergoari. Jaurlaritzak 50 milioi euro baino gehiago bideratu ditu 2022tik garraio publikoan hobariak ezartzeko.