Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langabezia tasa %5,7 dela zenbatetsi da 2025. urteko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 18.900 landun gehiago eta 13.200 langabe gutxiago izan ondoren, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Hain zuzen ere, EAEko lan merkatuari buruzko 2025eko bigarren hiruhilekoko datuek diote 61.100 langabe eta 1.010.400 landun daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Orobat, bigarren hiruhilekoko langabezia tasa lehen hiruhilekoan izandakoa baino %1,3 txikiagoa da.
Landunen eta langabeen kopuruaren bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa %56ra iritsi da bigarren hiruhilekoan, 16 urteko eta gehiagoko biztanleria kontuan hartuta, eta, beraz, aurreko hiruhilekokoaren berdina izan da.
Lurralde historikoei dagokienez, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, okupazioak gora egin du hiruretan: Bizkaian 9.200 langile gehiago daude, Gipuzkoan 5.100 langile gehiago eta Araban 4.700 gehiago. Hiriburuen kasuan, Gasteizen 3.900 landun gehiago daude, eta Donostian 2.700 gehiago; Bilbon, berriz, 800 gutxiago daude.
Landunen kopuruaren igoera gizonen zein emakumeen kasuan gertatu da erkidego mailan: gizonen kasuan, 9.900 landun gehiago daude, eta emakumeen kasuan, berriz, 9.000 gehiago. Nazionalitatea kontuan hartuta, Espainiako nazionalitatea duten landunak 13.800 gehiago dira (%1,5), eta atzerriko nazionalitatea dutenak, berriz, 5.100 gehiago (%5,3).
EAEko landunen kopuruak gora egin du zerbitzuen sektorean (13.800 landun gehiago, hots, %1,9ko igoera), industrian (3.400 gehiago eta %1,7ko igoera) eta eraikuntzan (1.900 gehiago eta %3,3ko igoera); lehen sektorean, berriz, 300 landun gutxiago daude (-%3,2).