Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ondasunen esportazioen zenbatekoa 2.550 milioi eurokoa izan da uztailean, hau da, 2023ko hilabete berean baino %1,8 gehiago, orduan 2.505 milioi eurokoak izan baitziren. Ondasunen inportazioak 2.267 milioi eurora iritsi dira uztailean, eta horrela, %0,4 behera egin dute iazko hilabete beraren aldean.
Horrela, Eustat euskal estatistika erakundeak ostiral honetan emandako datuen arabera, EAEko merkataritza saldoa positiboa izan da uztailean (+282,9 milioi euro), eta estaldura tasa %112,5ekoa da.
Ondasun energetikoen esportazioak %92,4 igo dira, eta ez-energetikoenak, aldiz, %1,0 jaitsi. Inportazio energetikoek %29,0 egin dute behera, eta ez-energetikoek %12,6 gora.
Lurraldeka, esportazioek %8,3 egin dute behera Araban uztailean, eta Gipuzkoan %9,5 eta Bizkaian %4,7 hazi. Inportazioei dagokienez, %13,0 egin dute gora Araban, eta %21,2 Gipuzkoan, baina Bizkaian %10,9 jaitsi dira.
Bestalde, EAEko esportazioetan %6,2ko jaitsiera erregistratu da urteko lehenengo zazpi hilabeteetan, aurreko urteko aldi beraren aldean, hau da, 1.219,8 milioi euro gutxiago. Esportazioen zenbatekoa 18.376,3 milioi eurokoa izan da aldi horretan.
EAE osorako inportazioen metatua 16.087 milioi euro ingurukoa izan da urtarriletik uztailera, eta urte arteko alderaketa eginez gero, zenbatekoa 395,7 milioi euro txikiagoa izan da aurreko urteko aldi berean erregistratutakoa baino.
Modu honetan, EAEko ondasunen kanpo merkataritzak 2.289,4 milioi euroko saldo positiboa izan du 2024. urteko urtarriletik uztailera, eta estaldura tasa %114,2koa izan da.