Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) sektoreak 4.921 milioi euroko negozio zifra lortu zuen eta 1.845 milioi euroko balio erantsia izan zuen 2022an, guztizkoaren %2,4 eta urtebete lehenago baino %0,3 gehiago. Era berean, sektorean 2.816 enpresa zeuden, 26.625 lanposturekin, euskal ekonomia osoaren %1,9 eta %2,4, hurrenez hurren, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Zifra horiek, beste urte batez, datu positiboak dira aurreko urtearen aldean, enpresen kopurua (%0,4) zein enplegu okupatua (%6,3) hazi egin baitziren. Halaber, negozio zifraren datuek ere hobera egin zuten, %10,8 igo baitzen, eta balio erantsia %11,0.

2010etik -eskuragarri dagoen serie historikoaren lehen urtetik-, IKT sektorean sartutako enpresen kopurua %34,7 hazi da, eta lanpostuena, berriz, %19,8. Zehazki, 2022an 2.816 enpresa eta 26.625 lanpostu zenbatu ziren sektorean, 2010etik izan diren balio maximoak, enpresen batez besteko tamaina 9,5 pertsonakoa izanik.

EAEko enpresa guztien %1,9 bakarrik izan arren, I+G egiten zutenen %14,4 bildu zituen IKT sektoreak 2022an, eta 115,7 milioi eurorekin, enpresa sektorearen barneko I+Gko gastu osoaren %8,4 egikaritu zuen. Gainera, sektoreen guztizkoan enpresen %1,1ek barneko I+Gko jarduerak egiten zituen bitartean, IKT sektoreko enpresetan portzentaje hori %7,6ra iritsi zen.

2022an, sektorean I+Gn 1.790 langile aritu ziren dedikazio osoko baliokidetzan, eta horietatik %23,9 emakumeak izan ziren (428). IKT sektoreko I+Gko 1.790 pertsona horiek I+Gn aritzen ziren enpresen sektoreko langileen %11,6 ziren, eta I+Gko langile guztiekin alderatuta %8,2.