Eustaten datuen arabera, Euskal AEko Barne Produktu Gordinak (BPG) % 0,6 egin du gora 2024ko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoaren aldean. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, BPGren hazkunde zenbatetsia % 1,7koa izan da.

Enplegua, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuen terminoetan neurtuta, % 0,5 igo da urteko lehen hiruhilekoan aurreko hiruhilekoaren aldean, eta horrek, urte arteko terminoetan, % 2,0ko hazkundea dakar, hau da, guztira, 19.349 lanpostu garbi gehiago 2023ko lehen hiruhilekoan baino.

Urteko azken hiruhilekoko BPGren hazkundearen zenbatespen horiek hamarren bat hobetu dituzte joan den 2024ko apirilaren 23ko hiruhilekoko kontu ekonomikoen aurrerapenerako zenbatetsitakoak, bai urte arteko terminoetan, bai hiruhileko artekoetan. Enpleguaren hazkundearen zenbatespena, aldiz, ez da aldatu.

2024ko lehen hiruhilekoan Euskal AEko ekonomiarako zenbatetsitako urte arteko hazkundea, Eurogunean eta Europar Batasun osoan baino nabarmen handiagoa, Espainiako ekonomiarako zenbatetsitakoa baino zazpi hamarren txikiagoa da. Estatu Batuetako ekonomiaren hazkundearen kalkulurik berriena % 2,9koa da.

Eskaintzaren ikuspegitik, zer?

Eskaintzaren ikuspegitik, urteko lehen hiruhilekoan balio erantsiaren urte arteko bilakaera positiboa izan da sektore handi guztietan, lehen sektorean izan ezik.

Lehen sektoreak, hain zuzen ere, % 0,5eko beherakada izan du balio erantsian, balio errealetan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, nahiz eta aurreko hiruhilekoaren aldean % 5,4 hazi den.

Industriaren balio erantsiak % 0,1eko urte arteko aldakuntza erakusten du aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, aurreko hiruhilekoaren aldean % 1,1eko hazkundea. Manufaktura-industria erritmo handixeagoan hazi da, bai urte artean, bai aurreko hiruhilekoaren aldean, % 0,4 eta % 1,5, hurrenez hurren.