Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 29.000 petrolio tonako kontsumo energetikoare baliokidea aurreztu du 2023. urtean, energia eraginkortasunaren eta arrazoizko erabileraren arloan etxeetan eta enpresetan egindako ahaleginari eta energia berriztagarrien ezarpenaren aldeko apustuari esker, astearte honetan ospatzen den Eraginkortasun Energetikoaren Nazioarteko Egunarekin bat etorriz Energiaren Euskal Erakundetik (EAE) jakinarazi dutenez.

Horrela, euskal etxeetan eta enpresetan lortutako aurrezpen hori 133.000 etxebizitzen urteko kontsumo energetiko osoaren baliokidea da, hau da, EAEko etxebizitzen %15. Horrez gain, atmosferara 52.000 tona CO2 isurtzea saihestu da, eta hori 44.000 zuhaitzen landaketak eragiten duen garbiketa ekintzaren parekoa da, "energiaren eremutik klima aldaketaren aurkako borrokan ekarpen nabarmena eginez".

EEEk kudeatzen dituen 15 programetan 27.000 laguntza eskaera baino gehiago jaso dira 2023an, aurreko ekitaldian jasotakoaren bikoitza, eta horrek "argi eta garbi erakusten du euskal gizartearen kontzientziazio mailaren igoera energiaren efizientzia eta arrazoizko erabileran, kontsumoaren murriztapena eta aurrezpena lortzeko ekimenean eta energia berriztagarrien aldeko apustuan".

Sektorekako kontsumo energetikoaren aurrezpenaren banaketari dagokionez, industria nabarmendu da 2023an, 19.000 petrolio tona baliokidetik gorako murriztapenarekin; zerbitzu eta etxebizitza sektoreak datoz ondoren, urteko 5.000 eta 4.000 petrolio tona baliokide inguruko energia kontsumoaren aurrezpenekin, hurrenez hurren; garraioaren murriztapena urteko 1.000 petrolio tona baliokide ingurukoa izan da.

Energiaren Euskal Erakundeak 60 milioi euro bideratu ditu 2023an eraginkortasun energetikoaren aldeko eta energia berriztagarriak ezartzeko programetara. Jarduketa eremuen arabera, 6.000 eskaera inguru jaso dira energia eraginkortasunerako eta energiaren arrazoizko erabilerarako laguntzen programetarako, eta 6.400 eskaera baino gehiago energia berriztagarrien arloan. Energia konbentzionalen kontsumoan lortutako aurrezpenaz gain, energia berriztagarrietako 51 MW berri baino gehiago ekartzea eragin du horrek.

Azken urteotan hainbat programa gauzatu dira EAEn, hala nola autokontsumokoak, biltegiratze eta berriztagarrietakoak, eraikinen birgaitze energetikorakoak, industriaren eraginkortasun energetikorakoak eta mugikortasunera bideratutako MOVES programak.ç

EEEk programa horiek guztiak sustatu ditu 240 milioi euro inguru kudeatuz. Jarduketa horiek bat datoz 2030erako Euskadiko Estrategia Energetikoaren zuzentarauekin, bai eta berriki onartutako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean ezarritako helburuekin.