Merkataritza sektoreko salmentak %1,6 jaitsi dira prezio finkoetan 2023an Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko urtearen aldean, Eustat euskal estatistika erakundeak ostegun honetan argitaratu dituen datuen arabera.
Urte osoan bilakaera positiboa izan da motordun ibilgailuen salmenta eta konponketan (%5,9 gehikuntza salmentetan) eta txikizkako merkataritzan (%0,9). Handizkako merkataritzan, aldiz, 2023an metatutako salmentak 2022an izandakoak baino %4,7 txikiagoak izan dira.
Halaber, merkataritza sektoreko salmentek behera egin dute 2023an EAEko hiru lurralde historikoetan. Araban, salmenten jaitsiera %2,1ekoa izan da 2022aren aldean, Bizkaian %1,8koa eta, azkenik, Gipuzkoan %1,0koa.
Iazko laugarren hiruhilekoko datuak soilik aztertuta, merkataritza sektoreko salmentak %1,8 jaitsi dira 2022ko laugarren hiruhilekoaren aldean prezio finkoetan, egutegiaren ondorioak atera ondoren. Aurreko hiruhilekoaren aldean, berriz, dagozkion urtaro ondorioak kenduta, salmentak %0,3 igo dira.
Merkataritzaren barruan, salmenten urte arteko bilakaera positiboa izan da 2023ko laugarren hiruhilekoan motordun ibilgailuen salmenta eta konponketan (%10,2ko hazkundea) eta txikizkako merkataritzan (%0,3). Handizkako merkataritzaren sektorean, aldiz, salmentak %5,2 txikiagoak izan dira 2022ko laugarren hiruhilekokoak baino, prezio konstanteetan eta egutegiaren ondorioak atera ondoren.
Bestalde, aurreko hiruhilekoaren aldean, dagozkion urtaro ondorioak kenduta, salmentak igo egin dira iazko azken hiruhilekoan motordun ibilgailuen salmenta eta konponketan eta txikizkako merkataritzan, %2,9ko eta %0,3ko hazkundeekin, hurrenez hurren. Handizkako merkataritzaren azpisektorean, aldiz, salmentak %0,4 jaitsi dira aurreko hiruhilekoaren aldean.
Salmentek emaitza negatiboak izan dituzte urte artean hiru lurraldeetan 2023ko laugarren hiruhilekloan, prezio finkoetan: Bizkaian %2,5 jaitsi dira, Araban %2,1 eta Gipuzkoan %0,3. Hirugarren hiruhilekoaren aldean, ordea, salmentak egonkor mantendu dira Bizkaian, eta gora egin dute Gipuzkoan eta Araban, %0,7 eta %0,1, hurrenez hurren.
Azkenik, EAEko merkataritza sektoreko enplegatuen indizea %1,5 gehitu da 2023ko laugarren hiruhilekoan, 2022koaren aldean, eta urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean, berriz, hazkundea %0,5ekoa izan da.