Euskal AEko gizarte-babeseko guztizko gastua, 2022an, 22.663 milioi eurokoa izan zen, 2021ean baino 652 milioi gehiago, % 3,0ko gehikuntza, Eustaten datuen arabera. Biztanleko gastua % 2,9 hazi zen eta 10.346 eurora iritsi zen.
Gizarte Babesaren Kontua egiten da Gizarte Babeseko Estatistika Integratuen Europako Sistemaren (ESSPROS) metodologiaren arabera, eta edozein erakunde publikok edo pribatuk Euskal AEn egindako gizarte-babeseko sistemen gastua eta sarrera zenbatzen ditu.
Gizarte-babeseko gastuak barne hartzen ditu administrazio-gastuak eta gizarte-prestazioko gastuak; azken horiek biltzen dituzte gizarte-babeseko sistemetatik familia-etxeetan jasotzen diren eskudiruzko ordainketak eta gauzazko prestazioak.
Gizarte-babeseko gastu osotik 22.391 milioi gizarte-prestazioetako gastuari dagozkio, eta 272 milioi administrazio-gastuei.
Gizarte-prestazioetako gastua %3,0 hazi zen 2022an, eta hazkunde hori 2021ean izandakoa baino 0,5 puntu handiagoa izan zen. Funtzio guztiak, "Langabezia" eta "Etxebizitza" izan ezik, hazi egin ziren.
"Zahartzaroa" eta "Gaixotasuna/Osasun-atentzioa" funtzioek izan zuten hazkunderik handiena balio absolutuetan, aurreko urteko joerari eutsiz. Zehazki, "Zahartzaroaren" gastua 485 milioi handitu zen 2021arekin alderatuta, hau da, %5,2 gehiago, eta 9.767 milioira iritsi zen 2022an. Ondoren, "Gaixotasuna/Osasun-atentzioa" funtzioa dator, gastua 303 milioi handitu baitzuen 2021arekin alderatuta, hau da, %5,1, 6.258 milioi eurora iritsiz; horietatik 4.947 milioi osasun-atentzioko zerbitzuen gastuari dagozkio, eta 1.311 milioi eskudiruzko prestazioei (aldi baterako ezintasunagatiko prestazioak).
Portaera positiboa izan zuten beste funtzio batzuk hauek izan ziren: "Gizarte-bazterkeria", 92 milioi euroko gehikuntzarekin, 2022an 782 milioiko gastua erregistratuz, aurreko urteko gastua baino %13,3 handiagoa. Gastu horren barruan, hazkunderik handiena eskudiruzko prestazioei dagokie, 56 milioi euro gehitu baitziren (diru-sarrerak bermatzeko errenta, gizarte-larrialdietarako laguntzak, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eta beste batzuk barne).
"Familia/Seme-alabak" %3,9 hazi zen, 2021ean baino 30 milioi gehiago, eta 800 milioira iritsi zen 2022an. "Umezurtz-alargunak" %1,4 handitu zen, aurreko urtean baino 20 milioi gehiago.
Bestalde, "Langabezia" funtzioko gastuak 2021eko beheranzko bilakaerarekin jarraitzen du. 2021ean, %26,7 jaitsi zen, eta zertxobait gutxiago 2022an, %22,3; murrizketa hori, funtsean, eskudiruzko prestazioen jaitsierak eragin zuen, 329 milioi euro murriztu baitziren. Era berean, "Etxebizitza" gastua %8,8 murriztu zen 2022an, 2021ean %27,6ko igoera handia izan ondoren.