Síguenos en redes sociales:

Interneten erabiltzaileen % 54,9k eta establezimenduen % 28,7k merkataritza elektronikoa egin dute

Internauten % 58k sare sozialetan parte hartu dute, eta enpresen % 53,4k enpresa-helburuak lortzeko erabili ditu

Interneten erabiltzaileen % 54,9k eta establezimenduen % 28,7k merkataritza elektronikoa egin duteFreepik

Eustatek 2023ko Informazioaren Gizartearen Panoramaren inguruan landutako datuen arabera, Interneten erabiltzaileen artean aurreko 3 hiletan internet bidez ondasun edo zerbitzuren bat eskuratu dutenen ehunekoa % 54,9ra iritsi da. Enpresen kasuan, berriz, merkataritza elektronikoa egin duten establezimenduen proportzioa % 28,7ra iritsi da. Erosketen atalean, establezimenduen % 25,7k parte hartu dute, eta salmenten atalean, berriz, % 8,5ek.

Zifra horiek, neurri handian, Euskal AEko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) ekipamenduak urtetik urtera gora egiten ari direlako lortu dira, ekipamendu guztiak modu eta intentsitate berarekin gora egiten ari ez badira ere. Ikus daitekeenez, IKTen banaketa desberdina da familiaren eta familia osatzen duten pertsonen esparruan, hainbat aldagairen arabera (hala nola adinaren eta jarduerarekiko loturaren arabera). Enpresen kasuan, desberdintasunak honako hauen araberakoak dira nagusiki: enpresak dituen enplegatuen kopurua, enpresa kokatuta dagoen Lurralde Historikoa eta enpresak jarduera garatzen duen sektore ekonomikoa.

Azterketa familiaren eta hura osatzen duten pertsonen esparrura eramanez gero ikus daitekeenez, konektibitateari lotutako ekipamendu teknologikoak Euskal AEko familia gehienetan daude eta goranzko joera agertzen dute. Euskal AEko familien % 90,2k interneterako konexioa dute (ia guztiak banda zabalekoak dira), eta 27,3 portzentaje-puntuko igoera gertatu da 2013. urteaz geroztik. Gutxienez 16-74 urteko pertsona bat duten familien artean, interneteko konexioa dutenak % 97,8 dira.

Ordenagailua familien % 75,7k dute, hau da, 2013an baino % 8,7 gehiagok. Ordenagailu eramangarria, berriz, familien % 59,3k dute, eta, beraz, azken 10 urteetako igoera handixeagoa izan da (10 portzentaje-puntukoa). Bestalde, ia familia guztiek (% 97,6k) dute telefono mugikorren bat, hau da, duela 10 urte baino % 5,2 gehiagok.

Familia horietan bizi diren 15 urteko eta gehiagoko biztanleen ikuspuntutik, ehunekoak handixeagoak dira: % 93,9k interneterako sarbidea dute etxean (2013an baino % 22,5 gehiagok), % 82,6k dute ordenagailu bat eskuragarri (% 7,2 gehiagok), eta % 98,6k telefono mugikor bat (% 3 gehiagok).

Etxeko beste ekipamendu batzuen artean, azpimarratu beharra dago 2023an Euskal AEko biztanleen erdiek baino gehiagok (% 62,5ek) ordainpeko telebistarako sarbidea dutela. Etxeetako komunikazioari lotutako ekipamendu hori nabarmen hazten ari da, duela 10 urte biztanleen % 22,7k baino ez baitzuten.

Azken 3 hiletan Internet erabili duten 15 urteko eta gehiagoko pertsonak adin horietako euskal herritarren % 88,3 dira; ehuneko horrek 22,8 portzentaje-puntuko igoera izan du 10 urtetan (% 65,5 2013an).

Jarduera ugari egin daitezke Internet bidez. Arrazoi partikularrek eragindakoen artean, ohikoenak komunikaziora eta informazioa bilatzera bideratutakoak dira. Internet erabiltzen duten ia euskal herritar guztiak komunikatu dira WhatsApp bidez edo berehalako mezularitzako beste aplikazio batzuen bidez (% 97,3) eta, neurri txikiagoan, posta elektronikoa erabili dute (% 85,2k), albisteak, egunkariak edo aldizkariak irakurri dituzte (% 75,9k) eta ondasunei edo zerbitzuei buruzko informazioa bilatu dute (% 84k). Internet erabiltzen duten 15 urteko eta gehiagoko pertsonen % 58k sare sozialetan parte hartu dute, eta ehuneko hori % 91,2ra iritsi da 15-24 urteko pertsonen kasuan.

Era berean, Internet bidez egindako eragiketa asko kontsumora eta etxeko ekonomiara bideratutakoak izan dira. Interneten erabiltzaileen % 71,3k erabili dute bide hori banku-eragiketak egiteko. Etxetik kanpo aisiari eta kulturari lotuta egindako jarduerei dagokienez, erabiltzaileen % 36,8k turismoari lotutako ostatu- edo bidaia-erreserbak egin dituzte, hau da, 2022. urtean baino % 4,6 gehiagok.

Administrazio elektronikoak administrazioarekin izapideak bide telematikoz egiteko aukera ematen du. Esparru horretan, Interneten erabiltzaileen % 58,7k inprimakiak beteta bidali dituzte administraziora Internet bidez, % 57,8k informazioa bildu dute, eta % 47,9k inprimaki ofizialak lortu dituzte bide horretatik.

Azkenik, merkataritza elektronikoari dagokionez, azken 3 hiletan Internet bidez ondasun edo zerbitzuren bat eskuratu duten erabiltzaileen ehunekoa % 54,9koa izan da (917.000 pertsona). Zifra hori 15 urteko eta gehiagoko Euskal AEko biztanle guztien % 48,4 da; hau da, erosketak Internet bidez egin dituzten pertsonen kopurua ia bikoiztu egin da duela 10 urteko kopuruarekin alderatuta (1,9 aldiz handiagoa), eta 2018koa (duela bost urtekoa) baino % 39,7 handiagoa izan da. Kolektibo horrek arropa, oinetakoak eta osagarriak, etxerako ondasunak, ostatuak, kultura-ekitaldietarako sarrerak, zainketa pertsonalak eta higiene-zainketak, garraioa eta kirol-materiala erosi ditu nagusiki.