Síguenos en redes sociales:

Enpresek ekonomia- eta finantza-errentagarritasuneko ratioak hobetu dituzte

Enpresek ordainketei epe laburrera erantzuteko duten gaitasunak, hau da, maniobra-funtsak, % 11,9 egin du gora 2021ean

Enpresek ekonomia- eta finantza-errentagarritasuneko ratioak hobetu dituzteE. P.

Euskal Autonomia Erdekigoan eta enpresa-tamaina guztietan, errentagarritasun ekonomikoa % 4,2 izan zen 2021ean, Eustaten datuen arabera. Datu hori 2020koa baino ehuneko puntu bat altuagoa da, orduan % 3,2 izan baitzen; hala, 2016tik izan den % 4tik gorako mailari eutsi zaio, baina 2019ko % 5etik urrun dago oraindik.

Errentagarritasun ekonomikoaren ratioak erakusten du enpresek beren aktibo guztien gainean eta, ildo horretan, enpresa kudeatzeko eraginkortasunaren gainean lortzen duten batez besteko errendimendua. Hura zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aktibo gutxiago beharko dituzte onura handiagoa lortzeko.

2021. urtean, errentagarritasun ekonomikoa % 4,6 izan da enpresa txikietan (10 eta 49 enplegatu bitartean), eta % 4,7 enpresa ertainetan (50 eta 249 enplegatu bitartean). Enpresa handietan (249 enplegu baino gehiago), berriz, errentagarritasun ekonomikoa % 3,7 izan da, eta, mikroenpresetan (1 eta 9 enplegatu bitartean), % 4,1.

Jardueraren sektore ekonomikoari dagokionez, 2021ean, honako hauen errentagarritasun ekonomikoa nabarmentzen da: Produktu farmazeutikoak (% 12,2), Industria kimikoa (% 10,7) eta Kautxua eta plastikoak (% 10eko errentagarritasun ekonomikoa); horiek 2020ko nabarmenenak ere izan dira. Kontrara, aztertutako hogeita hamahiru sektoreetako hiruk baino ez dituzte izan errentagarritasun negatiboak: Telekomunikazioak (–% 3,8, eta 2020an % 4,8ko errentagarritasun ekonomikoa izan du), Ikerketa eta garapena (–% 0,5) eta Erauzteko industriak (–% 0,2).

Urtetik urterako bilakaeran, honako sektore hauen portaera positiboa aipatu behar da: Ostalaritza; Metalurgia eta produktu metalikoak, eta Kautxua eta plastikoak. Lehen biek errentagarritasun ekonomikoko ratio negatiboak izan zituzten 2020an (–% 7 eta –% 0,4, hurrenez hurren), baina urtebetean ehuneko 10,9 eta 5,5 puntu irabazi, eta 2021ean % 3,9ko eta % 5,1eko errentagarritasun ekonomikoko ratioetara iritsi dira. Bestalde, Kautxua eta plastikoak sektorea ehuneko 4,4 puntu igo da, 2020ko ratioa % 5,6 izan baitzen, eta, hala, % 10era iritsi da.

Finantza-errentagarritasunak enpresak bere jardueraren bidez ondare garbitik abiatuta lortzen duen errendimendua adierazten du. Bestela esanda, enpresak jabe edo akziodunei ordaintzeko duen gaitasuna da. 2021ean, ehuneko 2 puntu egin ditu gora, eta % 7koa izan da.

Enpresen tamaina kontuan hartuta, eskema errepikatu egiten da, finantza-errentagarritasunari dagokionez; izan ere, enpresa txikiek % 7,9ko errentagarritasuna izan dute, eta ertainek % 8,6koa, eta enpresa handien finantza-errentagarritasuna % 5,9 izan da, eta mikroenpresena % 6,5.

Adierazle horretan, analisi sektorialak agerian jartzen ditu oso egoera heterogeneoak. Hiru talde bereiz daitezke. Lehenik, sei sektorek % 10etik gorako finantza-errentagarritasuna izan dute: Kautxua eta plastikoak (% 20,3), Industria kimikoa (% 18,4), Produktu farmazeutikoak (% 17,7), Merkatuko osasun-jarduerak (% 14), Ibilgailuen salmenta eta konponketa (% 13,9) eta Altzariak eta beste manufaktura batzuk (% 11,8).

Bigarrenik, mota askotako jarduerei dagozkien zortzi sektorek % 7ko finantza-errentagarritasuna edo handiagoa izan dute: Metalurgia eta produktu metalikoak; Ostalaritza; Produktu informatikoak eta elektronikoak; Beste jarduera profesional batzuk; Makineria eta ekipoa; Zurgintza, papera eta arte grafikoak; Informatika; Energia elektrikoa, gasa eta lurruna eta Edizioa, irudia, irratia eta telebista; horien guztien errentagarritasunak % 9,9 (lehenak) eta % 7 bitartekoak izan dira.

Hirugarrenik, jarduera-kategoria hau batez besteko errentagarritasunaren azpitik dago, baina errentagarritasun positiboa izan du: Aholkularitzak eta jarduera teknikoak; Material eta ekipo elektrikoa; Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza; Higiezinen jarduerak; Elikagaien, edarien eta tabakoaren industria; Beste zerbitzu batzuk; Merkatu-hezkuntza; Merkatuko gizarte-zerbitzuen jarduerak; Garraio-materiala; Ur-hornidura eta saneamendua; Eraikuntza; Garraioa eta biltegiratzea, eta Zerbitzu lagungarriak.

Azkenik, lau sektorek finantza-errentagarritasun negatiboak izan dituzte, eta zerrenda horren buru dira Telekomunikazioak, –% 19,3ko finantza-errentagarritasuna izan baitute; ondoren, Ikerketa eta garapena (–% 2,1), Erauzteko industriak (–% 0,8) eta Aisia- eta kultura-jarduerak (–% 0,1).