Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunen esportazioak 2.888,6 milioi eurora iritsi ziren 2023ko ekainean, hau da, % 10,1eko beherakada nominala izan zen, produktu energetikoak % 72,8 eta ez-energetikoak % 3,9 jaitsi baitziren, Eustatek prestatutako datuen arabera.
Ondasunen inportazioak 2.368,1 milioi eurokoak izan ziren, eta % 14,5 egin zuten behera. Inportazio ez-energetikoetan ia ez zen aldaketarik izan (-% 0,5), baina energetikoek % 42,6 egin zuten behera.
2023ko ekainean merkataritza-saldoa positiboa izan da, 520,5 milioi euro ingurukoa, eta, hala, % 122,0 estaldura-tasa ahalbidetu du.
Ekainean, Arabak soilik izan du hazkunde positiboa esportazioetan, % 5,7koa. Aitzitik, Gipuzkoan eta, bereziki, Bizkaian, urtetik urterako tasak negatiboak izan dira, % 5,7koak Gipuzkoan eta % 23,9ra artekoak Bizkaian. Esportazio ez-energetikoak % 5,5 hazi dira Araban, % 10 murriztu dira Bizkaian eta % 5,9 Gipuzkoan. Esportazio energetikoak, % 74,2ra arte jaitsi dira Bizkaian, aurreko urteko hil beraren aldean.
Araban, esportazioak “Garraio-materialak” partidan izan dira gehienbat, guztizkoaren % 58. Esportazioak % 15,2 hazi dira eta, guztira, 552,3 milioi esportatu dira. Gero, “Metalak eta horien manufakturak” partida dator (guztizkoaren % 16,4), baina partida horretan esportazioek % 23,9 egin dute behera. Horiek dira hil honetako “muga-zergetako bi atalik” garrantzitsuenak. 2023ko ekainean hazkunde handia izan du “Material elektrikoen” partidak -% 48,4-, eta esportazioek 66,5 milioi euroko balioa izan dute partida horretan.
Gipuzkoan, ekaineko nazioarteko merkataritzaren hiru laurden baino gehiago hiru atal hauetan bildu da: “Materiala, makina eta aparatu elektrikoak”, guztikoaren % 33,7rekin, ”Metalak eta horien manufakturak”, % 24,6rekin, eta “Garraio-materiala”, % 20,2rekin. Urtetik urterako konparazioan, azken horretan soilik ikusten da bilakaera positiboa, % 29,6 igo baita; beste bietan, berriz, % 15,3 eta % 3,6 jaitsi da, hurrenez hurren.
Bizkaian esportazioak gora egin du “Garraio-materialak” atalean (% 34,3) eta “Plastikoak, kautxua eta horien manufakturak” atalean (% 0,6). Aitzitik, atzera egin du “Metalak eta haien manufakturak” atalean (-% 28,9) eta “Material, makina eta aparatu elektrikoak” atalean (-% 1). Lau horien artean, lurralde horretan esportatutako hamar eurotik zazpi baino gehiago metatzen dira.
2023ko ekainean, bost herrialde (Alemania, Frantzia, Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Italia) dira Euskal Autonomia Erkidegoaren bezero nagusiak, esportazio guztien % 50,3 biltzen baitute (1.454,1 milioi euro). Horietako hiru EB-27ko kideak dira, eta esparru horrek biltzen ditu esportazioen % 63,6.
Alemaniarako esportazioek % 11,3 egin dute gora, Txinarako esportazioek % 30,7, Mexikorako esportazioek % 43,2, Txekiar Errepublikarako esportazioek % 11,3 eta Austriarako esportazioek % 40,6. Era berean, gora egin dute Eslovakiarako (% 28,8) eta Errumaniarako (% 28,4) esportazioek. Aurkako gertatzen da, Herbereetarako esportazioekin, % 42,6 egin dute behera, Frantziarako esportazioekin, % 14,8 egin dute behera, Erresuma Baturako esportazioekin, % 30,9 egin dute behera, eta Ameriketako Estatu Batuetako esportazioekin, % 14,6 egin dute behera —merkataritza-bezerorik adierazgarrienen bilakaerei soilik erreparatuta—.
Gure inportazioen % 52,5 EB-27ko kideetatik etorri da. Europako herrialderik garrantzizkoenen artean nabarmentzen dira Alemania (urte batetik besterako hazkundea % 24,6koa izan da), Irlanda (% 14,9koa), Portugal (% 8koa) eta Polonia (% 29koa). Hazkunde-tasa, berriz, positiboa da 27 herrialdeetatik 14tan. Munduaren gainerakoari erreparatuta, ikus dezakegu gora egin dutela Ameriketako Estatu Batuetatik datozen inportazioak (% 24,5), Mexikotik datozenak (% 31,9) eta Indiatik datozenak (% 103), baita Venezuelatik datozenak ere, 16,8 milioi eurora iritsi baita. Errusiari dagokionez, 2022ko ekainean produktuen inportazioak 90,8 milioi euroko balioa izan zuen eta aurten ekainean 6,5 milioi euro izan dira.
Gure inportazio energetikoak honela banatu dira hilabete honetan: 366 milioi Amerikatik —112,8 milioi Ameriketako Estatu Batuetatik, 139,4 milioi euro Mexikotik, 16,7 milioi euro Venezuelatik, 69,2 milioi euro Brasildik eta 28 milioi euro baino gehiago Amerikako gainerakotik— (% 69,1); 133,7 milioi Asiatik (% 25,2); 18,3 milioi Afrikatik (% 3,5) eta 11,7 milioi Europatik (% 2,2).