Euskal Autonomia Erkidegoan, 1.856 enpresa kooperatibo daude 2.741 establezimendutan banatuta, eta guztizkoaren % 1,6 dira, Eustaten datuen arabera. Enpresa horiek 54.000 pertsona baino gehiagori ematen diete enplegua; alegia, Euskal AEko guztizko enpleguaren % 5,9 dagokie. Gainera, 2021ean, 8.000 milioi euro baino gehiagoko salmenta garbiak izan dituzte.
Lurraldeen araberako establezimenduen banaketan, Bizkaiari % 43,4 dagokio, Gipuzkoari % 42,4 eta Arabari % 14,2. Gipuzkoako pisua nabarmentzen da, berriz, enpleguaren terminoetan, eta guztizkoaren % 53,9 dagokio; ondoren, Bizkaiari % 36,6, eta Arabari % 9,5.
Sektoreen arabera, establezimendu kopuruari dagokionez, Merkataritza eta Konponketa sektorea nabarmentzen da, guztizkoaren % 18,6rekin, ondoren Manufaktura-industria % 12,2rekin eta Jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak, % 11,8rekin. Hala ere, enplegu kopuruari dagokionez, Manufaktura-industria da, ia 20.000 enplegurekin, sektorerik esanguratsuena, enplegu kooperatiboaren % 36,2rekin. Era berean, Hezkuntzak, Merkataritza eta Konponketarekin batera, eginkizun esanguratsua du, eta enpleguaren % 16,2 eta % 15,9 dagokie, hurrenez hurren.
Sexuaren arabera, Euskal AEko kooperatibetan enplegua duten pertsonen % 52,1 gizonak izan dira eta % 47,9, emakumeak, establezimendu guztien batezbestekoa baino ehuneko 3,4 puntu gehiago. Sektore feminizatuenak Ostalaritza, Merkataritza eta Konponketa, Hezkuntza eta Osasun-jarduerak eta gizarte-zerbitzuetakoak dira (% 87,1, % 76,8, %70,4 eta % 65,5, hurrenez hurren). Enplegua nagusiki gizonena da Eraikuntza (% 92,3) eta Garraioa eta biltegiratzea (% 84,1) sektoreetan.
Kooperatibek presentzia esanguratsua dute Euskal AEko zenbait udalerritan. 10 udalerri garrantzitsuenak, elkarlaneko enpleguaren terminoetan, honako hauek dira: Arrasate, Bilbao, Vitoria-Gasteiz, Oñati, Donostia, Aretxabaleta, Elorrio, Hernani, Bergara eta Irun.
10 udalerri horiei establezimendu kooperatiboen % 46,5 dagokie, eta enplegu osoaren % 49,3. Enplegua kontuan hartuta, Arrasate nabarmentzen da, enpleguaren % 10,9 baitagokio eta establezimenduen % 3. Bilbori, bestalde, establezimenduen % 16 dagokio eta enpleguaren % 10,9.