Arantxa Tapia sailburuak Alemaniak, Frantziak eta Italiak sinatu duten industria-aliantzari buruz hitz egin du, eta kezkatuta agertu da, akordio horretan Espainiako gobernua ez dagoenez, trialiantza arriskutsua izan daitekeelako Euskadi bezalako industria-eskualdeentzat.
Euskadi Europako industria-bilakaerarako garrantzitsuak diren mota horretako akordioetatik kanpo edo urrun gera ez dadin, sailburuak honako hau adierazi du: “Are gehiago areagotu behar dugu lankidetza eta presentzia nazioarteko eskualde-sareetan. Horietan aliatu industrialak aurki baititzakegu gure presentzia indartzeko eta euskal enpresaren potentzial industriala kokatzeko”.
“Alemaniako, Frantziako eta Italiako ministroek lankidetza hitzartu dute funtsezko arlo ekonomikoetan, eta irtenbideak adostu dituzte gai kritikoetan horniduraren segurtasunari heltzeko, ekoizpen industrialaren balio-kateak bermatuz. Euskadi kanpoan geratu ezin den gai oso garrantzitsuez ari gara, eta, horretarako, industriari ematen zaion laguntza areagotzen jarraituko dugu”.
“Egia esan, albistea ezagutu dugu Europako bihotzean, Poloniako Pomerania eskualdean, gaudela, tokiko gobernuarekin lankidetza posibleak aztertzen. Besteak beste, Ukrainaren etorkizuneko berreraikuntza lantzen hasteko, non Polonian ezarritako euskal enpresak ekarpen interesgarria egin dezakeen”.
Poloniara bidaia ofizialean joandako euskal ordezkaritzak programa instituzional bizia garatu du gaur Gdansk hirian. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Mikel Amundarain Industriako sailburuordeak, Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusiak eta Ainhoa Ondarzabal BTI Nazioartekotzeko Euskal Agentziako kontseilari delegatuak Pomerania eskualdeko agintari politiko eta unibertsitarioekin izandako elkarrizketek gaur markatutako agenda batekin jarraitzen dute.
Leszek Bonna, eskualde horretako presidenteordeak, Tapia sailburuari harrera egin dio gaur goizean Pomeraniako Parlamentuan, eta besteak beste Ukrainaren berreraikuntzaz jardun dute, Gdanskera iritsi diren errefuxiatu ugariei laguntzeko egoera ahaztu gabe.