Euskal Auronomia Erkidegoko Barne Produktu Gordina (BPG) % 0,4 igo da 2023ko lehen hiruhilekoan aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta hiruhileko arteko tasa positiboak izan dira dagoeneko elkarren segidako hamaikagarren hiruhilekoz, Eustatek eginiko Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenaren kalkuluen arabera. 2022ko lehen hiruhilekoaren aldean, Euskal AEko BPG % 2,2 igo da, txostenean ondorioztatzen denez.

Hala, eta ildo beretik jarraituz, "aurrerapen hau egin den unean eskura zegoen koiunturazko informazio ekonomikoaren arabera, Euskal AEko ekonomiaren sektore nagusietako jardueraren urte arteko dezelerazio txikia dago, nahiz eta bilakaera positiboa izan", azaltzen da Euskal Estatistika Erakundea Eustatek egindako txosten berdinean. Eta erantsi egiten da: "Enplegua, lanaldi osoko lanpostu baliokide gisa neurtuta, % 0,3 igo da 2023ko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, % 1,5eko hazkundea aurreikusten da".

Bestalde, 2022. urte osoan, Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundea % 4,4koa izan da, eta enpleguarena % 3,1ekoa. 2022. urtean lanaldi osoko 30.000 lanpostu baliokide baino gehiago sortu dira, eta pandemiaren aurreko enplegu-mailak gainditzen dira. Lurralde historikoen arabera, BPGren urteko hazkundea % 4,3koa izango da Araban, % 4,5ekoa Bizkaian eta % 4,2koa Gipuzkoan. Iazko urteko laugarren hiruhilekoan, Euskal AEko BPGk % 2,9ko hazkundea izan du aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, aurreikusitako hazkundea % 0,5ekoa izan da.