Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren produkzioa %1,8 hazi da maiatzean 2026ko hilabete berean izandakoaren aldean, lan egutegi homogeneoei dagokienez. Apirilarekin alderatuz gero, berriz, industriaren jarduera %0,6 murriztu da, urtaroen eragina zuzendu ondoren, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Lurralde historikoei dagokienez, industriaren produkzioaren urte arteko bilakaera positiboa izan da Bizkaian eta Gipuzkoan, %2,4ko eta %2,9ko igoerekin, hurrenez hurren, eta Araban, aldiz, aldakuntza negatiboa izan da, urte artean %1,4 jaitsi ondoren.
Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, kontsumo ondasunen produkzioak urte arteko %4,1eko jaitsiera izan du maiatzean, ekipamenduko ondasunen produkzioa %6,2 handitu da, bitarteko ondasunetan ekoizpena %0,7 murriztu da, eta energiaren produkzioa %10,5 hazi da.
Maila bereiziagoan, EAEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, energia elektrikoa, gasa eta lurruna (-%4,0) eta elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria (-%3,0) izan dira maiatzean urte batetik bestera produkzioaren murrizketa handienak izan dituztenak. Aitzitik, kautxua eta plastikoak sektoreak %1,4ko urte arteko hazkundea izan du produkzioan, eta metalurgia eta produktu metalikoak sektoreak %1,1ekoa.
EUSTAT
2025ean, Euskal AEko genero-berdintasunaren indizea 100etik 66,0 puntukoa da, hau da, 2020an baino 2 puntu handiagoa. Europar Batasunean, batez besteko puntuazioa 63,4 puntukoa da; beraz, Euskal AE Europako batez bestekoa baino 2,6 puntu handiagoa da, eta bederatzigarren postuan dago EBko 27 herrialdeen artean.
Europako sailkapenaren goiko muturrean daude Suedia (73,7), Frantzia (73,4) eta Danimarka (71,8), ekonomia garatuenak dituzten herrialdeak. Datuen arabera, harreman positiboa dago EBko garapen ekonomikoaren eta genero-berdintasunaren artean, baina salbuespen esanguratsuak daude, eta horrek beste faktore batzuen eragina iradokitzen du, hala nola berdintasunaren arloko legeria. Beheko muturrean Zipre (47,6), Hungaria (51,6) eta Letonia (56,7) nabarmentzen dira.
Dimentsioen araberako analisia
Genero-berdintasuna ez da intentsitate berarekin agertzen eremu guztietan. Osasunaren dimentsioak mailarik altuena du (86,3 puntu), 2020rekiko hobera egin du (85,3), eta haren bi azpidimentsioek, osasun-egoerak (87,7) eta portaera osasungarriak (84,9), balio altuak eta hurbilak erakusten dituzte. Diruaren dimentsioa 71,7 puntukoa da, bigarren emaitzarik onena, baina desberdintasun nabarmenekin: emakumeek gizonen urteko diru-sarreren % 76 inguru jasotzen dute, eta emakumeen pentsioak gizonezkoen pentsioaren % 70 dira.