-Bizkaiko Golkoko antxoa gazteen egungo populazioa 208.000 tonakoa da, AZTI zentro teknologikoak urtero zuzentzen duen JUVENA ikerketaren datuen arabera. Kopuru horrekin espeziearen batez besteko erreklutamendua bermatuta dago 2022ko arrantzaldirako, azken urteetako batezbestekoa baino zertxobait beherago egon arren. Aurten lortutako datuak 2020ko emaitzen azpitik daude, izan ere iaz 230.000 tonara iritsi baitzen biomasa.

“Aurtengo biomasaren estimazioa oparotasun ertainekoa da. Serie historikoaren batez bestekoaren azpitik dago, eta lortutako emaitzek aurreikusten dute erreklutamendu-maila ertaina izango dela datorren urterako”, azaldu du Guillermo Boyra AZTIko ikertzaile eta kanpaina ozeanografikoaren arduradunak.

Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuorde eta AZTIko presidenteak adierazi duenez, “antxoa gazteen populazioak gure kostaldean duen osasun ona berresten duten datuak dira, Euskadiko arrantzaleei antxoaren arrantzarekin modu iraunkorrean jarraitzeko aukera ematen baitie”.

AZTIko ikertzaileek aldaketak antzeman dituzte antxoa gaztearen banaketa geografikoan eta tamainan. “Aurten, Bizkaiko golkoko eremu zabal batean aurkitu dugu antxoa gaztea, Frantziako plataformaren iparralderaino. Litekeena da planktonez osatutako ur azaleko geruza baten eragina izatea haren banaketa espaziala” adierazi dute AZTItik.

Gainera, azken urteetako datuen arabera, garbi ikusten da antxoaren tamainak beheranzko joera izan duela azken hamarkadan. 2004an batez besteko tamaina 10.6 zentimetrokoa izan zen, 8,3 koa 2010ean eta 5,3 koa aurten.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak finantzatu dute JUVENA kanpainaren hemeretzigarren ekitaldia Espainiako Ozeanografia Institutuaren laguntzarekin. Ikerketa honek 37.500 itsas milia karratu hartu ditu.

AZTI zentro zientifiko eta teknologikoa da, eta inpaktu handiko eraldaketa proiektuak gauzatzen ditu Nazio Batuen 2030 GJHekin (Garapen Jasangarriko Helburuak) bat datozen erakundeekin.