- Urteko arrantza jarduna bukatzen ari da Indiako Ozeanoan ari diren Bermeoko atunontzientzat. Bost atunontzi ainguratuta daude Seychellesko Victoria portuan. Arrantza jarduna eten egin behar izan dute, Espainiako gobernuko Arrantza Idazkaritza Nagusiak emandako arrantza aukerak agortu egin dituztelako. Datozen asteetan beste ontzi batzuk ere gauza bera egin beharko dute eta guztiak geldirik egongo dira urtea amaitu arte. Arrantzaleak euren ontzietan daude mantenimendu lanak egiten eta segurtasuna bermatzen gau eta egun. “Oraindik ez dago kuotarik, Españako administrazioak arrantzarako aukerak direla dio, IOTC (Indiako Ozeanoko Atunaren Batzordea)ren baitan hartutako ebazpenak behin behinekoak baitira eta ez iraunkorrak” azaldu dute atunontzien sektoretik.
Arrantza-aukerak “bereziak” eta “bakarrak” dira itsasontzi bakoitzarentzat. Arrantzarako mugak 2017an ezarri ziren eta horren aurreko bost urteetan ontzi bakoitzak arrantzatu zuena hartu du kontuan Madrileko administrazinoak Europako Batasunak Espainiari esleitutako 45.000 tonak banatzeko. Horregaz batera, ontzi bakoitzaren bolumena GTtan (gross tonnage) hartu dute kontutan. Bi parametro horien baturatik ateratzen da ontzi bakoitzak urtean harrapa dezakeen hega horidun edo yellowfin kopurua.
Esan beharrik ez dago, arrantza jarduna eten izanak eta itsasoan barik, portuan geldirik egon behar izana kalteak eragiten ari dela sektorean. “Portuan dagoen ontziak ez du arrainik harrapatzen eta ondorioz ez du irabazirik sortzen. Baina arlo ekonomikoa ez da kaltetutako bakarra. Izan ere, lotuta dauden ontzi horietako langileek ilusioa eta motibazioa galtzen dute eta etorkizunari begira ezkortasuna nagusitzen ari da”, azaldu dute Seychellesetik.
2017 urtera arte ez zegoen arrantzarako mugarik Indiako Ozeanoan eta ontzi bakoitzak ahal zuen guztia arrantzatzen zuen. Duela lau urte, ordea, IOTCk harrapaketa mugak ezartzea erabaki zuen, biologoen arabera, hega-horidun edo yellowfin atunaren stocka gehiegi ustiatuta zegoelako. Atunontzien sektoreko enpresak ez datoz bat biologoen diagnostikoarekin eta garbi diote hega horidun atunaren populazioa egoerea onean dagoela Indiako Ozeanoan. “Biologoek hega horidun atunaren stockaren egoera aztertzeko erabiltzen dituzten datuak ez dira zuzenak. Batetik, datu horiek Indiako Ozeanoan harrapatzen den atun guztiaren %5-%10 baino ez dute erakusten eta arrantza sistima jakin bat erabiltzen duten ontziena baino ez”.
Atunontzien sektoreko arduradunen arabera, arrantzaleek arrain asko aurkitzen dute itsasoan eta horrek garbi erakusten du hega horidun atunaren egoera osasuntsua dela. “Indiako Ozeanoko edozein eremutara jotzen dutela ere, gure ontziek yellofin asko ikusten dute. Stockaren egoera txarra balitz ezin izango genuke gure arrantza aukerak agortu eta artifizialki ezarritako mugara iritsi, edo ez horren goizetik behintzat, eta osasun oneko beste espezieak arrantzatuko genituzke”.
Indiako Ozeanoko Atunaren Batzordeak arrain stockak osasuntsu mantentzeko neurriak hartzen baditu ere, estatu askok ez dituzte arau horiek betetzen. “Historikoki, eta ez bakarrik egun yellowfin stocka ustez mehatxatuta dagoen honetan, estatu askok ez dituzte IOTC erakundeak hartutako neurriak betetzen. Harrapaketen aitorpena egiteko orduan ez dute egia esaten, ezta espezieka bereiztu behar dituztenean edota itsasontzietan behatzaileak hartzeko orduan. Gauza bera gertatzen da, ontzien posizioa denbora errealean ezagutzeko sistemen ezarpenarekin” nabarmendu dute atunontzien sektoretik. Europako flota, ordea, IOTCk ezarritako joko-arauak betetzen ari da. “Horrela, legez kanpoko arrantza jarduera kontrolatzea ahalbidetzen dugu”
Gaur egun, bost herrialdek uko egiten diote hega horidun atunaren stocka zaintzeko hartutako neurriak betetzeari. Aurten bertan, harrapaketa kopurua murriztea ebatzi badute ere, Indonesiak, Indiak, Omanek, Etiopiak eta Madagascarrek neurriaren aurka agertu dira eta ez dutela beteko iragarri dute, kaltegarria izango litzatekelako euren herrialdeetako ekonomiarentzat.
Gero eta atun gehiago jaten da munduan eta sekulako borroka dago merkatuan. Urtero, Asiatik, eta batez ere Txinatik datozen milaka tona atun solomo sartzen dira Europako Batasunean zergarik ordaindu barik. “Txinako gobernuak diruz laguntzen du atun solomoen ekoizpena eta garraioa Europaraino, prezioen jaitsiera handia eraginez. Gainera, produktu horien osasun maila eta kalitatea kezkagarriak dira benetan. Horrekin batera, ekoizpen prozesuan ari diren langileen lan baldintzek ez dute zerikusirik Europak bermatu nahi dituztenekin. Esklabotza kasuak ugariak dira” salatu dute euskal arrantzaleek.
Europako atunontziek oso zail dute lehiatzea merkatuan Asiatik datozen produktuekin. Europako Batasunean arrantza ontziei eskatzen zaizkien estandarrak edo baldintzak ez zaizkie eskatzen beste herrialde batzuetako ontzietatik datozen produktuei. Eta arestian esan bezala, urtero Asiako flotek harrapatutako milaka tona atun sartzen dira Europan, zelan eta zein baldintzetan harrapatu diren kontuan izan barik. Europatik kanpoko arrantza-ontziek ez dituzte betetzen hemengoek bete behar dituzten arauak eta baldintzak.