BILBO. Hitzarmen berria izenpetzeko ekitaldian izan dira Iñaki Garciñuno Cebek patronaleko presidentea eta Javier Agirregabiria IMQren zuzendariondoko nagusia.
Berritutako hitzarmena bi aldeek 2015etik duten lankidetza harremanaren baitan dago. Horren arabera, IMQk osasun laguntza eta ospitaleratze eta istripu aseguruak jarriko ditu Cebekeko kide diren enpresa eta federazioen esku. Modu horretan, Bizkaiko patronalera atxikitako 5.000 enpresek eta 60 elkarteek "Euskadin buru den aseguru medikoa kontratatu ahal izango dute eurentzat eta euren familientzat, oso baldintza onuragarrietan".
IMQk enpresa txiki eta ertainei bereziki zuzendutako polizak izenpetzeko aukera emango dio Cebekeko kolektiboari, "IMQ Activa" edo "IMQ Azul" polizak, esaterako. Poliza horiek osasun estaldura osoa bermatzen diete onuradunei, lehen mailako medikuntzan, larrialdi eta anbulantzia zerbitzuetan, osasun eta kirurgia espezialitate guztietan, proba diagnostikoetan eta tratamenduetan, goi mailako kirurgia espezializatuan, haurdunaldian eta erditzean, familia plangintzan, ospitaleratzeetan eta psikoterapian, besteak beste.
Gainera, hitzarmenak ahalbidetuko du Cebekera atxikitako elkarte eta enpresak IMQren zerbitzu multzo honetaz baliatzea, itxaronaldirik gabe, ordutegi zabalekin eta Euskadiko medikuen koadro zabalean eta estatu mailako zein nazioarteko izen handiko zentroen sarean aukeratzeko askatasunarekin. Era berean, Euskadiko klinika pribatu nagusietara eta zentro propioen sarerik zabalenera jotzeko aukera ematen du.
Gaur egun, 1.000 enpresa baino gehiagok eta 346.000 aseguratuk jarri dute konfiantza IMQrengan. Cebekek, bere aldetik, hitzarmena bera eta duen irismena sustatuko ditu enpresa eta federazio bazkideen artean, hainbat komunikazio kanal eta euskarriren bitartez.