BILBO. Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek eta EAEko hiru lurraldeetako merkataritza ganberek nazioartekotzearen esparruan elkarrekin egingo duten lehen ekimena izango da jardunaldi hori. Jardunaldietara joateko izen ematea eta SPRIko adituekin elkarrizketatzeko hitzordua webgune honetan egin daiteke: https://www.spri.eus/es/eventos/mundura-begira

SPRIk jakinarazi duenez, "Mundura Begira" ekimenaren bidez, Euskal Nazioartekotze Elkargoa bera eta elkargoak eskainiko dituen zerbitzuen katalogoa aurkeztuko zaizkie euskal enpresariei. Jardunaldian, Eusko Jaurlaritzako Nazioartekotze Estrategiaren arabera lehentasunezkotzat hautatu diren merkatuetako negozio aukerak eta ezaugarri zehatzak aztertuko dituzte lehen mailako adituek. Hain zuzen, hauek dira hautatutako merkatuak: Alemania, Txina, AEB eta Mexiko, herrialde garatuen artean, eta Hego Afrika, garapen bidean direnen artean.

Gainera, bertaratzen direnek aukera izango dute sartzeko interesa duten merkatuan espezializatutako adituarekin pertsonalki elkarrizketatzeko, SPRIko nazioartekotze sareko 50 teknikari espezializatu bilduko baitira jardunaldian.

Martxoaren 16an, jardunaldiaren egunean, eta hurrengo bietan ere, SPRIko kanpo sareko 15 bulegokoetako ordezkariek (Alemania, Argentina, AEB, Brasil, Txile, Txina, Kolonbia, India, Mexiko, Polonia, Singapur, Txekiar Errepublika-Eslovakia, Errusia eta Turkia) eta sareak beste 35 herrialdetan dituen beste horrenbeste aholkularik banaka hartuko dituzte interesa duten enpresariak. Horretarako, hitzordua eskatu behar da aldez aurretik, jardunaldiaren web orrian.

EUSKAL NAZIOARTEKOTZE PARTZUERGOA

2014ko maiatzean, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta hiru lurraldeetako merkataritza ganberek Euskal Nazioartekotze Partzuergoa (ENP) sortzeko hitzarmena sinatu zuten. Erakundea sortzeko xedea izan da plataforma bateratu baten bidez erakunde eta organismo horietako bakoitzak planteatutako estrategiak eta ekimenak koordinatzea, helburu nagusi batekin: euskal enpresak nazioarteko merkatura atera daitezen sustatzea.

Hala ere, ENPk ez du izaera juridiko eta aurrekontu propiorik; hitzarmena sinatu zuten zazpi erakundeek bideratutako baliabideak baino ez ditu, eta zazpi sustatzaileek urtero berrituko dute hitzarmena.

Zehazki, ENPk honako eginkizun hauek ditu: Euskadiko nazioartekotzeko eragile publikoei aholkularitza ematea; esparru berean diharduten Euskadiko bestelako administrazio, erakunde publiko zein pribatuekin lankidetzan eta elkarlanean aritzea; euskal enpresentzako prestakuntza zerbitzuak diseinatzea; nazioartekotzea sustatzeko eta kanpoko inbertsioak erakartzeko laguntzak eta ekimenak koordinatzea; SPRIren kanpo sareko kanpoko zerbitzuak modu partekatuan erabil daitezen sustatzea, kanpoko merkatuetako elementu iraunkorrak diren aldetik; eta dagokion politika publikoaren eta bere inpaktuaren aldizkako ebaluazioak egitea, bai eta politika horren tresnena eta programena ere.