GASTEIZ. Nazioartekotze Estrategia berria abian da. Eusko Jaurlaritzak aste honetan azaldu duen bezala, hiru helburu nagusi ezarri ditu: Euskal ekonomiaren irekitze maila handitzea, nazioarteko lankidetza eta finantzazio proiektu aldeaniztunetan parte hartzea eta atzerriko finantzazioa erakartzea.

Helburuak argi izanda, Alemanira begira jarri dira agente ekonomikoak. Jaurlaritzak merkataritza-bulego bat irekiko du bertan, merkatu horrek jarduera areagotzea ekar dezakeela uste duelako, eta aldi berean Euskadiren enpresa-egituran enplegua sortzea.

Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak esan duenez, Alemania Euskadiren kide nagusietako bat izan da azken urteotan, inportazioen eta esportazioen arloan; honetaz gain, Euskal enpresen merkataritza-ezarpen gehien dituen herrialdeetako bat da. Sailburuak azaldu zuen Alemanian merkataritza-ordezkaritza duten enpresak "oso pozik" daudela erabakiarekin, eta zuzeneko presentzia izatea "oso garrantzitsua" dela diotela. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia sailburua hamabost euskal enpresa garrantzitsutako arduradun nagusiekin bildu ziren astelehenean nazioartekotzea bultzatzeko Gobernua prestatzen ari den jarduera-ildo nagusiak aurreratzeko. Estrategia honek jarduera-ildo ezberdinak ditu. Hauen artean, SPRIren kanpo-sarea egokitzea eta birdimentsionatzea dago, asmoa, 16 bulegotik 13ra pasatzea da, eta aipatutako Alemaniako bulego berria irekitzea.