aRAMAIO. Bertako produktuari etekina ateratzea. Horixe da Aramaio Baserri-Barri egitasmoaren helburua. Asier Agirre Aramaioko alkateak esandakoaren arabera, bertako produktuen marka sortzea, bailararen balioa agerian jartzea eta ekoizle txikien produktuak jendearen eskura jartzea izango dira proiektuaren ardatzak.

Horretarako, bertako ekoizle txikien produktuak prozesatzeko industria-nabea eraikitzea da lehen pausua. Bertan, produktuak jaso, sailkatu, garbitu eta etiketatu egingo dira, bertako markarekin. Eraikina Mendixolan, Ibarrangelun, kokatuko da eta eraikitze-lanak datorren urtean amaitzea espero da.

Bestalde, bailarako lehen sektoreari buruzko museoa egitea aurreikusi dute, Aramaiora gerturatzen direnek bertako aberastasunaren berri izan dezaten. Horrez gainera, museoaren eraikinean bertan, denda bat zabalduko dute, ekoizleen produktuak zuzenean saltzeko.

Horren guztiaren bitartez, bailarako lehen sektorea bultzatu nahi da, sagarzale, artzain eta ortuko ekoizle txikien produktuei irteera emanez. Izan ere, Agirreren hitzetan "esnea saltzen duten enpresariei ez zaie interesatzen artzain txikiei erostea, Frantziatik edo granja handietatik ardi esne askoz merkeagoa lortzen dutelako. Ortuko ekoizleei ere, gauza bera gertatzen zaie, denboraldiko produktua sobera geratzen zaiela eta oparitu egin behar izaten dutela, bestela galdu egiten baita".

Bestalde, proiektuak badu beste asmo bat: bailarako egurraren soberakina aprobetxatzea beroa sortzeko. Horretarako galdara erraldoi bat jartzea aurreikusi dute, zeinaren bitartez ur beroa sortuko duten. Kalefakzio sistema honen abantaila nagusia da bigarren mailako egurrari erabilera jakin bat emango zaiola. Izan ere, Agirrek dioenaren arabera, "lehen mailako egurrak badu irteera merkatuan, nahiz eta bere prezioa jaitsi den. Bigarren mailakoa, ordea, papera egiteko erabiltzen da bakarrik eta ez dauka etekinik, eskaintza handia eta eskaera, berriz, txikia baita".

Austria eta Frantziako ereduak hartu dituzte kontuan asmo hori martxan jartzeko. Baina Agirrek argitu digunaren arabera, "Euskadin egin da antzeko ekimenik, Beizaman, esate baterako, udaletxea eta beste lau eraikin berotzen dituzte sistema horren bitartez". Aramaion, ordea, 400 etxebizitza eta sei udal-eraikin berotzea da xedea.

Aramaioko Udalak, Mairuelegorreta Landa Garapeneko Elkarteak, Itsasmendikoik eta bertako ekoizleek hartzen dute parte proiektuan. Proiektua gauzatzeko epea hiru urtekoa da eta 6 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, horietatik 2 milioi eta erdi kale-fakzio sistemarako aurreikusi direlarik.