Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 9.500 langabe gutxiago zenbatetsi ditu 2024ko hirugarren hiruhilekoan aurrekoaren aldean (-%10,6), eta guztira 80.000 daude, langabezia tasa %7,61 izanik. Era berean, 41.900 lanpostu deuseztatu dira aurreko hiruhilekoarekiko (-%4,1), eta orotara 971.700 landun daude, INE estatistika erakundeak plazaratu duen Populazio Aktiboaren Inkestaren datuen arabera.
Aktiboen kopuruari dagokionez, denera 1.051.700 zeuden EAEn urteko hirugarren hiruhilekoaren bukaeran, aurreko hiruhilekoan baino 51.300 gutxiago zenbatetsi ondoren (-%4,65).
Bestalde, 2023ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatzen bada, aurten 13.600 langabe gutxiago izan dira (-%14,60) eta 22.500 lanpostu deuseztatu dira (-%2,30), pertsona aktiboak 36.100 gutxiago izan diren bitartean (-%3,30).
Lurraldeka, Araban 15.200 langabe daude hirugarren hiruhilekoan, eta langabezia tasa %9,40 da; Bizkaian 46.300 langabe zenbatetsi dira, langabezia tasa %8,08 izanik, eta Gipuzkoan 18.600 langabe daude, %5,85eko langabezia tasarekin.
Sexuaren arabera, emakumezko 3.200 langabe gutxiago (-%9,20) eta gizonezko 6.300 langabe gehiago (+%11,50) zenbatetsi dira EAEn urteko hirugarren hiruhilekoan. Modu honetan, denera 31.700 emakumezko langabe (%6,28ko langabezia tasa) eta 48.300 gizonezko langabe (%8,84) daude.
Gazteei dagokienez, 25 urtetik beherako 4.700 langabe gutxiago zenbatetsi dira EAEn 2024ko hirugarren hiruhilekoan aurrekoan aldean, eta kolektiboko langabezia tasa %24,35 da.
KONTRATAZIOA
Bestalde, kontratu mugagabea duten soldatapekoak 300 gehiago izan dira EAEn urteko hirugarren hiruhilekoan, aldi baterako kontratudunak 11.500 gutxiago izan diren bitartean. Bilakaera horiekin, soldatapeko 853.800 lagun daude EAEn, eta horietatik 685.100ek kontratu mugagabea (%guztizkoaren %80,24) eta 168.700ek aldi baterakoa (%19,76) dute.
Era berean, sektore publikoak 5.900 lanpostu sortu ditu EAEn uztailetik irailera (+%3,30), eta guztira 184.800 landun ditu; sektore pribatuak, aldiz, 47.900 lanpostu deuseztatu ditu (-%5,74), eta orotara 786.600 landun ditu.
Sektoreka, 6.800 langabe gutxiago izan dira lehen enplegu bila ari diren edo duela urtebete edo gehiago lana utzi dutenen artean (-%14,17), 2.500 gutxiago zerbitzuetan (-%8,90), 1.400 gutxiago industrian (-%17,70) eta 20 gehiago eraikuntzan (+%3,92).