Nico Williams jokalariak 2035. urtera arte berritu du kontratua Athletic Clubekin, datozen hamar urteetarako, eta etete klausula %50 igo da aurreko kontratuan zuenaren aldean.
"Erabakiak hartu behar direnean, niretzat, garrantzitsuena, bihotza da. Nahi dudan tokian nago, nire gertukoekin, hau nire etxea da. Aupa Athletic!", adierazi du jokalari iruindarrak kontratu luzatzea iragartzeko taldeak zabaldu duen bideoan.
Athleticen arabera, "fideltasunaren adierazpen berri honek mugarri bat ezarri du" taldea zuri-gorriaren historian, eta Unai Simon, Oihan Sancet, Dani Vivian, Mikel Jauregizar eta Beñat Prados jokalariek edota Ernesto Valverdek berak hasitako bidea berretsi du.
"Eta, nola ez, dagoeneko historikoa den eta belaunaldi bat markatu duen taldeko kapitaina den Iñaki Williams bere anaiak hasitakoa", gaineratu du talde zuri-gorriak.
Williams anaien txikiak Iker Muniainek utzi zion '10' zenbakia izaten jarraituko du, oraingoan Txapeldunen Ligan ere. Eskaintza "erraldoien" aurrean jokalariak "Athleticen eskutik eman duen aurrerapausua arrakasta itzela da klubarentzat".
Nico Williams (Iruñea, 2002) alebinetan iritsi zen Athleticera, 2013-2014 denboraldian, Iñaki anaia Lezamara iritsi eta urtebetera. Ordutik, formakuntza etapa guztiak bete ditu Athleticen, 2021eko apirilaren 28an lehoi gisa debuta zuen arte, 18 urterekin.
Lehen taldean jokatu dituen bost denboraldietan 167 partida ofizial jokatu ditu eta Kopako titulua lortu du. Horrez gain, Europa Ligako finalerdietara iritsi eta Txapeldunen Ligarako sailkapena lortu du azken bi kirol urteetan.
Nico Williamsek azken denboraldietan Athletici egin dion ekarpena "erabakigarria" izan da, "erasoan diferentziala izan baita bere erregateei eta abiadurari esker". 31 gol sartu ditu, eta gol aukera piloa sortu, "etengabeko amesgaiztoa" izanik aurkarien atzelarientzat.
Zelaian egindako lan bikainaz harago, Nico Williamsen nazioarteko proiekzioa "izugarria" izan da, eta "Athletic markaren enbaxadore baliotsua bihurtu da munduan zehar"; adibidez, 2024ko Eurokopako finaleko MVP izendatu zuten (Espainiako selekzioarekin txapeldun izan zen) eta Urrezko Baloia irabazteko izendatuen zerrendan izan zen (15. gelditu zen).