Euskaltel-Euskadi taldeak Esloveniako Tourra eta Belgikako hiru klasiko jokatuko ditu aste honetan. Taldea bi multzotan banatuko da eta guztira 14 txirrindulari izango ditu lehian, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Hain zuzen, Jon Agirre, Marton Dina, Xabier Isasa, Txomin Juaristi, Jordi Lopez, Iker Mintegi eta Danny van der Tuuk dira Esloveniako Tourrari ekingo dioten zazpi txirrindulariak, Ruben Perezen kirol zuzendaritzapean, bost etapa lehiatzeko asteazken honetatik igandera, ekainaren 4tik 8ra.
Agirre, Dina, Juaristi eta Mintegi sailkapen nagusia lehiatzen saiatuko dira; Jordi Lopez, berriz, etapa garaipenen bila arituko da, orain dela gutxi Beiras Sari Nagusian saio bat irabazi ondoren; Isasak eta Van der Tuukek taldekideak babestuko dituzte eta ihesaldietan euren aukera bilatuko dute.
Bestalde, Jon Aberasturi, Iker Bonillo, Xabier Berasategi, Gotzon Martín, Paul Hennequin, Andoni Lopez de Abetxuko eta Louis Sutton taldekideek hiru klasikori ekingo diote Belgikan Pablo Urtasunen zuzendaritzapean: Heistse Pijl (larunbatean), Brussels Classic (igandean) eta Antwerp Port Epic (datorren astelehenean). Helburua da garaipena lehiatuko den tropelean egotea, batez ere aurreneko bi probetan.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, Arabako Ogasunaren zerga arloko informazio telefoniko eta telematikoko zerbitzuak 79.177 kontsultari erantzun zien 2024an. Horietatik 77.177 kontratatutako zerbitzuak zuzenean ebatzi zituen, eta gainerakoak foru erakundeko zerbitzuetara bidali ziren, zailtasun handiagoa zutelako.
Horrela jakinarazi du asteazken honetan Itziar Gonzalo Arabnako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatuak, Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian.
Kontsulta gehienak telefonoz egin ziren, 75.318, hain zuzen ere, eta gainerako 3.859ak posta elektroniko bidez. Aurreko urtean bezala, kontsulta asko mutualitateetan kotizatu zuten pertsonen erreklamazioei buruzkoak izan ziren 2024an.