Usoa Ostolazak 2027ra arte jarraituko du Laboral Kutxa txirrindularitza taldean
Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarrak 2027ra arte luzatu du kontratua Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldearekin. Kontratua 2025era arte zegoen indarrean, iaz berritu ondoren, baina bi aldeek "etorkizuneko kirol proiektu euskaldun baten lotura luzatzeko nahia bete dute".
Taldeko iturriek jakinarazi dutenez, Ostolazak "ezin hobeto irudikatzen du" Euskadi Fundazioak eta Laboral Kutxak proiektu honi ekiterakoan zuten helburua, etxeko txirrindulariei maila gorenean lehiatzeko aukera eta beharrezko baliabideak ematea, hain zuzen ere.
Horrela, txirrindulari gipuzkoarrak nabarmen egin du aurrera azken lau urteetan maila profesionalean Laboral Kutxaren eskutik, eta aurten hiru garaipen eskuratu ditu. Garaipen horiek eta nazioarteko egutegiko proba onenetan izan duen erregulartasunak munduko sailkapeneko 75 txirrindulari onenen artean sartu dute.
Hain zuzen, aurten garaipena lortu du errepideko Espainiako Txapelketan eta, lehenago, Aubisquen eta Pirinioetako Tourrean; bigarren izan da Eibar Hiriko Sari Nagusian, bosgarren Andaluziako Itzulian, 11. Ardecheko Tourrean -bigarren etapa batean- eta debuta egin du Italiako Giroan eta Frantziako Tourrean, 16. eta 24. postuetan geratuz, hurrenez hurren. Europako eta Munduko ere txapelketetan ere izan da.
Usoa Ostolazak adierazi du "oso pozik" dagoela datorren urteaz gain beste bi urtez luzatu duelako kontratua Laboral Kutxa taldearekin. "Azkenean etxean sentitzen naiz, baloratua arlo guztietan, eta honi garrantzi berezia ematen diot errendimendua lortzeko orduan. Egunerokotasunean asko motibatzen nau etxeko talde honetan egoteak, eta lasterketetan zer esanik ez. Niretzat faktore oso garrantsitsua da hori gustura egoteko eta ilusioarekin jarraitzeko kirol honetan", azaldu du.