Euskadi Fundazioak bere nortasuna eta filosofia indartuko ditu eta elite eta 23 urtez azpiko taldearen izen ofiziala izango da 2025eko denboraldian. Izen aldaketarekin, Euskadi Fundazioak bere sorrerako helburua nabarmendu nahi du, hau da, bere inguruko txirrindularitza bultzatu eta garatzea, gazteak ardatz hartuta.
Babesle nagusien eta gaur egun 1.000 bazkide baino gehiago dituen Euskadi Fundazioaren beraren baliabideen laguntza izango du txirrindularitza taldeak datorren urtean ere, Euskadi Fundazioko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.
2018an Euskadi Fundazioa berriro abiarazi zenetik, 24 txirrindulari igaro dira talde amateurretik profesionalera, "proiektu osoari arrazoia ematen dion harrobiaren aldeko apustu argia". Bada, 2025etik aurrera, eliteko eta 23 urtez azpiko taldea Euskadi Fundazioa deituko da, Euskadi Fundazioak Laboral Kutxa orain arteko babeslearen eta gainerako babesle nagusiekin adostuta.
Laboral Kutxak 2019tik eman dio izena elite eta 23 urtez azpiko taldeari, eta harrobiari eusten jarraituko du, Euskaltel, herri erakunde eta gainerako babesle eta laguntzaile teknikoekin batera.
Iñaki Isasi Euskadi Fundazioko presidentearen hitzetan, "harrobiak euskal txirrindulari gazteen formakuntzako gure filosofia islatzen du. Horregatik izan gara eredu historikoa euskal eta mundu mailan 1993tik. Filosofia hori gazteen prestakuntza osoan oinarritzen da, beren ametsak bete ditzaten eta elite profesionalean garatzen jarrai dezaten".
"Gure inguruko gazteen kirol hautaketa izan nahi dugu, baita kirol erreferentea gure lurraldean eta gure mugetatik harago ere. Gure talde profesionalak euskal txirrindulari onenak bildu nahi ditu, eta horregatik, 23 urtez azpikoen prestakuntza lana egiten duten gure lurraldeko talde amateur guztiei irekitako proiektua gara", azaldu du.
Horrela, bada, Euskadi Fundazioak hiru txirrindulari taldeko kirol egiturarekin jarraituko du 2025ean: Laboral Kutxa emakumezkoen talde profesionala, Euskadi Fundazioa 23 urtez azpikoen taldea eta Euskaltel-Euskadi gizonezkoen talde profesionala.