Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa txirrindularitza taldeak Women's WorldTour mailako beste proba bat jokatuko du Burgosko Itzulian, lau etapatan, ostegun honetatik igandera, maiatzaren 16tik 19ra. Jessenia Meneses, Usoa Ostolaza, Marta Romeu, Debora Silvestri, Cristina Tonetti eta Laura Tomasi izango dira lasterketan.
Jessenia Meneses, Usoa Ostolaza, Marta Romeu, Debora Silvestri, Cristina Tonetti eta Laura Tomasi izango dira lasterketan
Peio Goikoetxea Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko kirol arduradunak nabarmendu du WorldTour mailako lasterketa batean egongo direla berriro "txirrindulari onenen aurka". "Beti bezala talde indartsua izango dugu eta helburua Burgostik txirrindulariak pozik eta dinamika onean itzultzea da", gaineratu du.
Zehaztu duenez, Burgosko Itzuliko bi etapa lauetan ondo egin nahi dute esprintean, baita bi etapa menditsuetan ere, "erasokor eta protagonista izatea alde batera utzi gabe jakina". Gainera, haizearekin "argi ibili" beharko direla ohartarazi du, "ez baita gure laguna izaten ari azken lasterketetan".
Burgosko Itzuliko bi etapa lauetan ondo egin nahi dute esprintean, baita bi etapa menditsuetan ere
Pelotoiko txirrindulari azkarrenek ostegun honetako lehen etapan izan dezakete aukera; ostiralean, berriz, amaiera Rosaleseko gainean izango da, 3,8 kilometro %5,2an, eta sailkapena zehazten hasiko da; larunbatean haizea izan daiteke protagonista, eta Rozavientos mendatea behin betiko epailea izango da igandean, 3,5 kilometro %9,3an, 1.600 metroko altueran eta helmugatik 15 kilometrora.