Udaleko Kirol Zerbitzuak Deportivo Alavés taldearen denboraldi erdirako 5 abonamendu bikoitz zozkatuko ditu otsailaren 2an Udaleko kirol-instalazioetako 90.000 pertsona baino gehiagoren artean.
Zozketa horretan, Udalaren kirol-instalazioetan urtarrilaren 31 baino lehen harpidedun gisa izena emanda dauden eta adinez nagusiak direnek parte hartu ahal izango dute. Horretarako, Udalaren webgunean urtarrilaren 26an jarriko den izena emateko formularioa bete beharko dute. Urtarrilaren 31 baino lehen eman beharko da izena.
Zozketan, denboraldi erdirako 2 abonamenduko 5na lote esleituko dira.
Kirol zinegotziak, Ana López de Uraldek, Udalaren kirol-instalazioetako abonatuak animatu ditu “zozketan izena ematera Lehen Mailan jarraitzeko borrokaren azken txanpan talde babazorroa babestu ahal izateko”. Gainera, azaldu duenez, “ekimena Udaleko Kirol Zerbitzuak eta Deportivo Alavés taldeak adostutako hitzarmenari lotuta dago. Horri esker, abonatuen leialtasuna sari dezakegu”.
Beste albiste batzuk
Bestalde, Udalaren beste albiste batzuen artean, Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak, Maria Nanclaresek, Araba Ekinean sarearen aurrean Gasteizko 2023-2030erako Ekintzailetzako Plan Integrala aurkeztu du gaur goizean Europa Kongresu Jauregian egindako ekitaldian. Dokumentu berriak Gasteizko Udalak hurrengo zazpi urteotan garatu behar dituen proiektu estrategikoak finkatzen ditu.
“Ekintzaileak ezinbestekoak dira gure lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialerako eta badakigu batzuetan nahasmenduari eta prestakuntza-laguntza beharrari aurre egin behar izaten diotela”, azaldu du Nanclaresek. “Ekintzailetza Babesteko Plan Integralaren bidez, hirian ekintzailetza bultzatzen dugu, enpresa-proiektuak martxan jartzeko ekintzak eta programak modu integral eta pertsonalizatuan garatuz”, gehitu du zinegotziak.