Pala motza eta larruzko paleta bihurtuko dira Eguberrietako protagonista nagusiak Adurtza Jai Alai Taldeak antolatutako Eguberrietako Nazioarteko 41. Txapelketan. Gasteizko auzo ezagun horretako pilotalekuan jokatuko dituzte berriro ere kirol horretako espezialista nagusiek beren partidak abenduaren 22tik 31ra bitarte eskola-umeen, eliteen eta promesen kategorietan. Pala motzeko finaleko ohorezko sakea Sergio ‘Dinamita’ Sánchezek egingo du. Kirolaria orain gutxi kickboxingeko munduko txapeldun izendatu dute
Txapelketak berrogei urte baino gehiagoko historia du eta gaur goizean azaldu dituzte xehetasun guztiak prentsaurreko bidez. Bertan izan dira hauek: Kirol zinegotzia, Ana López de Uralde; Kultura eta Kirol arloko foru-diputatua, Ana del Val; Arabako Euskal Pilota Federazioko presidentea, Iker Gereta; Adurtza Jai Alai Taldeko presidentea, Orlando Gaviña; eta Adurtza Jai Alai Taldeko erramina arduraduna, Tomás Lacalle.
Kirol zinegotziak, Ana López de Uraldek, herritarrak animatu ditu txapelketara gerturatzera. Izan ere, “nazioarteko txapelketa da eta merezimendu osoz hiriko eta Adurtza auzoko kirol-egutegi barruan tradizio bihurtu da dagoeneko. Eguberrietako jai-giroko egun hauetan, pilotalekua palaren festa bihurtuko da eta promes gazteez eta eskarmentu handia duten beteranoez gozatzeko aukera izango da”.
Partidak abenduaren 22an, ostiralean, hasiko dira eta urteko azken egunean hiru kategorietako finalak jokatuko dituzte. Egun horretan ezagutuko ditugu txapeldunen izenak. Abenduaren 31eko, igandeko, egun horretan, gainera, Adurtzako pilotalekuko harmailetara joaten direnentzako zozketak eta opariak ere izango dira.