Korrikarekin lotuta egongo dira Udalak antolatutako lehen ‘kirol-hitzorduak’. Proiektua orain hilabete batzuk iragarri zuen Maider Etxebarria alkateak eta laster jarriko dute abian. Sarbide librea eta doakoa izango duten hiru hitzordu izango dira, igandetan, azaroaren 26an, eta abenduaren 3an eta 17an, Prado parkean, goizeko 10:00etan. Bertaratzen direnek behar bezala korrika egiteko oinarrizko ideiak eskuratu eta, nahi izanez gero, 2023ko San Silvestre lasterketaren hurrengo ediziorako prestatzeko eta korrika egiteko aukera izango dute, ikasitako hori aplikatuz eta erakutsiz.

‘Kirol-hitzorduak’ ekimena aurkezteko garaian, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak adierazi du horren helburu nagusia dela “pertsona guztiek, haien sasoia edozein izanda ere, kirol-modalitate ugariak ezagutzea eta praktikan jartzea eta, aldi berean, hiriko hainbat tokitan aire zabalean kirola egiten duten bitartean, haien harreman sozialak zabaltzen joatea”. Horregatik, korrika egitera bideratuko diren lehen topaketa horien ondoren, beste hainbat kiroletan oinarrituko diren beste batzuk egingo dira.

‘Runninga’ hobetzeko helburua duten ‘hitzordu’ horiek Udal Kirol Zerbitzuak antolatu ditu eta Arabako Atletismoko Federazioaren laguntza jaso dute. Inoiz korri egin ez dutenei edo oinarrizko maila dutenei zuzenduta daude. Jardunaldi bakoitzak 2 ordu inguruko iraupena izango du eta topalekua Prado parkea izango da. Dena den, jarduera inguruko beste kale batzuetan ere gauzatu ahal izango da.

Uneoro egongo dira espezializatutako langileak jarduera gainbegiratzen eta euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira. Ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea, baina 16 urte beteta izan beharko dira parte hartzeko.

Horrekin lotuta, Etxebarriak berriro adierazi du “helburua ez dela punta-puntako kirolariak sortzea. Gure asmoa da kirol-eskaintza hobetzea ariketa fisikoa bultzatzen dugun bitartean, pertsonen bizitzan osasun-iturri gisa, gozatzeko, elkarbizitzarako eta harreman sozialetarako. Kirolak hiri gisa dugun izaera zehazten du eta gure udalerriaz haragoko promozioa eskaintzen digu. Gure kaleak eta parkeak animatzeko modu osasungarria izateaz gain, batez ere ohitura osasungarriak sortzeko modua dela uste dugu”.