donostia - Valley Parade futbol zelaiko suteak bete-betean jo zuen Bradford, hiriaren historiako tragediarik handienetako bat izan baitzen. Alabaina, halako gertaera lazgarrietan agerian geratzen da pertsonen eskuzabaltasuna eta, sutearen ondorengo asteetan, elkartasun uholde batek hartu zuen Bradford. Kaltetuei lagun-tzeko ahalegin horretan, badira izen eta abizenez gogoratzea merezi duten pertsonak, hala nola David Sharpe doktorea. Mediku gaztea zen Sharpe 1985ean. Hiriko ospitalean, erredurak jasan zituztenak artatzeko dispositiboaren arduraduna izan zen eta tragediako zaurituei laguntzen hartutako esperientziari esker, erredurak sendatzeko teknika berri-tzaileak garatu zituen.
Erreduren arloko aditu bihurtuta, Sharpe doktoreak bere jakintza guztia gizartearen esku uztea erabaki zuen eta, hala, Erreduren eta Kirurgia Plastikoaren Unitatea sortu zuen Bradfordeko Unibertsitateko ospitalean, mundu mailan erreferentzia den egitasmoa. Dagoeneko, 30 urteko ibilbidea bete du Unitateak, herritarren babesari esker. Proiektuaren oinarria norbanako, elkarte eta enpresek era anonimoan emandako dohaintzak dira.
Valley Paradeko sutetik hiru hamarkada igaro diren arren, Bradfordeko herritarrek gogo onez erantzuten dute Erreduren Unitateari laguntzeko diru-bilketak antolatzen direnean. Sutearen biktimen oroimenezko ekitaldiak antolatu dituen taldeko arduradunak, Alan Carlingek, azaldu du gizartearen atxikimendua ez dela apaldu, “sarritan parte hartu izan dut diru bilketetan eta Erreduren Unitatea aipatu besterik ez da egin behar, herritarrek berehala jotzen dute sakelara laguntzatxoa emateko”. Sharpe doktoreak iaz hartu zuen erretiroa baina bere egitasmoak aurrera egingo du elkartasunari esker. Carlingen arabera, “tragedia hura klubaren eta hiriaren muinean sustraituta dago, biktimen oroitzapena beti dugu gogoan”. - D. Piedra