Fokuak piztu, eta gaueko telebista saio baten forma hartuko du Zarautzek. Aurkezleak, gonbidatuek; eta, paraleloan, bi pertsonen arteko istorioak hartuko dute karrika. Zilegi da osasun publikoarekin negozio egitea? Zer dago horren atzean? Galdera horien, zein beste batzuen, inguruan gogoetatuko dute Kodizia late night tragikomediako protagonistek. Cia. Barsanti antzerki konpainiaren azken lana da, eta gaur, uztailak 4, estreinatuko dute Zarauzko Miren Etxabe plazan, 22:00etan. Pako Revueltasek, konpainiako zuzendariak eta aktoreak, obraren nondik norakoak azaldu ditu: “Geure buruari egiten dizkiogun galderak, ikuskizunetara eramaten ditugu”. 

Antzerki “soziala” eta “kritikoa” egiten dute, eta ihes egiten dute “entretimendu hutsa” sustatzea helburu duen antzerkitik: “Politikako gaiak ez dira alderdi bati lotutako gaiak. Politika gizartea nola antolatzen den azter-tzen duen zientzia da. Zentzu horretan, guri interesatzen zaizkigun eta gizartean muinean dauden aktualitateko gaiak lantzen ditugu”. Bide horretan osasunaren bueltan sortzen den negozioan murmildu dira komediaren bidez: “Ipuin kontalaritzat edo bufoitzat dugu geure burua”. 

Obraren eszena bat.

Obraren eszena bat. CIA BARSANTI KONPAINIA

Kale antzerkia egiten dute eta doakoa da, horrek antzerkia “demokratiza-tzen” duelako. Sentitzen du orokorrean kalean egiten diren emanaldiak haurrei zuzenduta daudela dirudiela, baina kasu honetan haurrek ikusi dezaketen arren, helduak dituzte ikusmiran. Gauez egiten duten lehen lana da: “Gure aurreko formatuetatik ihes egin nahi genuen, eta gauak ematen digun intimitate puntua erabili. Beste dimentsio eta erregistroekin lan egiteko aukera ematen digu gauak”. 

Artistikoki ez da sobera erronka izan, baina produkzio eta salmenta aldetik bai: “Duela urte batzuk gaueko ikuskizunak normalizatuak zeuden herrietan bereziki. Badirudi hori galtzen ari dela. Pena ematen digu betidanik asko gustatu izan zaigulako formatu hori”. Alabaina, programatzeko modua aldatu dela dio, eta hortaz, ordutegi zabalagoan programatzeko aukera eskaintzen duten emanaldiak bilatzen direla uste du. Emanaldiak bi harmaila ditu parez pare, eta bi horien artean lan egiten dute. Horrez gain, argiztapenarekin jolasten dute.

Umoreaz baliatzen dira, gai sozialak lantzeko, baina Revueltasek nabarmendu du ez dutela goitik beherako umorea egiten, behetik gora baizik: “Kakan dagoen jendearekin ez gara sartzen. Interesatzen zaigu eta an-tzerki soziala eta politikoa egiten dugu, baina ez dugu eurengan pisua edo ardura jartzen”. Azaldu du ere oholtzan egiten den umoreak ez duela mugarik: “Nire iritzi pertsonala da, baina gustu txarrekoa izan arren, umorea umorea da. Ez nabil hizketan eszenatoki baten gainean politikari batek edo boterea daukan norbaitek zapaldua dagoen norbaiti buruz egiten duen ‘umoreaz’. Horrek ez dauka batere graziarik, eta moralki edo etikoki salatu daiteke”.

IKERKETA LANA

Obra batekin hasi baino lehen, kanpo ikerketa “minimo bat” egiten dute kasu errealak aztertuz, baina gero ez dituzte taularatzen. Osasunaren gaiari dagokionez, nabarmendu du ez dela asko sakondu behar, adibide “pila bat” daudela. Obraren abiapuntua Luigi Mangione ingeniariaren kasua izan da. 2024ko abenduaren 4an, Brian Thompson, UnitedHealthcare osasun-aseguru konpainia estatubatuarreko zuzendari nagusia zena, hiltzeagatik akusatuta dago. Kasuak gizartea polarizatu du, batzuek hiltzailetzat dutelako eta osasunarekin negozia egiten dutenez akituta dagoen sektore batek Robin Hood dela sentitzen dute. “Horretan pentsatzen hasi ginen, baina gero kasu hori ez da ikuskizunean ager-tzen”, esan du.

Horrez gain, Michael Mooren Sicko (2007) dokumentala ere inspirazio iturri izan da. Bertan, AEB Ameriketako Estatu Batuetako osasun sistema kritikatzen du, eta gabeziak eta seguru mediku pribatuen konpainien ustelkeria sistema salatzen du: “Badirudi Estatu Batuetako eredura goazela”. Andaluzian, 2025ean argitara eman zen bularreko minbiziaren behaketak egiteko izandako atzerapenak ere aipatu ditu. Amama elkarteak emandako datuen arabera, gutxienez 4.000 emakumeri eragin diete ia bi urteko antzerapenek. 

Gaia konpainiako kideen interesekoa delako taularatzen dute, baina aldi berean, gai sozial eta politikoak diren heinean, jendeari orokorrean ere gustatzen zaizkiela uste dute. Uztailaren 4an, Zarautzen izanen dira, baina Gipuzkoako beste karrika batzuetan ere izanen dira; esate baterako, uztailaren 10ean Errenterian, 11n Bergaran eta 13an Arrasaten. Horrez gain, beste data asko dituzte lotuta. Nahiko ondo ailegatu gara estreinaldira. Aurretik pase pribatu batzuk egin, eta behar izan ditugun aldaketak egin ditugu. Denbora aldetik ondo heldu gara, igual beste batzuetan estuago ibili gara”, esan du. Azkenik jendea animatu du emanaldia ikustera.